Marian Elorzak Arku Atlantikoko Batzordeko Orientazio Politikorako Taldearen lehen bilera ireki du

0

Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak hasiera eman dio gaur arratsaldean Arku Atlantikoko Batzordearen Orientazio Politikorako Taldeak egin duen bilerari. Euskadi da talde horren presidentea. Iazko urrian eratu zenetik talde horrek egin duen lehen bilera izan da gaurkoa.

Irekieran, Marian Elorzak Arku Atlantikoko Batzordeak azken sei hilabeteetan egin dituen jarduera garrantzitsuenak berrikusi ditu, eta Euskadiren bi urteko agintaldiko lehentasunak azpimarratu ditu.

Era berean, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak makroreskualde atlantiko bat sortzeko proposamenari buruz emandako pausoak azaldu ditu, baita proposamen horren inguruan etorkizunean egin beharreko ekintzak ere.

Marian Elorzak, halaber, Brexitaren Egokitzapen Erreserba deiturikoa ere aipatu du         –Brexitak gehien eragindako sektoreetan duen eragin negatiboa arintzeko sortutako funts bat da hori–, eta Itsas Eskualde Periferikoen Konferentziak Erresuma Batuko nazio eta eskualdeekin eta EBtik kanpoko beste eskualde batzuekin izango duen harremanean onartuko duen estrategiaz ere hitz egin du.

Azkenik, Atlantikoko Itsas Estrategiaren 2.0 Ekintza Planetik eratorritako ekintzen bilakaera aipatu du, eta Arku Atlantikoko Batzordearen hurrengo batzarra  ekainaren 9an egiteko prestatzeaz aritu da.