Proiektu estrategikoei heldu eta herritarren beharrei erantzuteko bermea eskaintzen du Azpeitiko udalaren egoera ekonomikoak

0
2020ko kontuen itxieraren berri eman dute gaurko plenoan udal arduradunek. Pandemiak eragin zuzena izanagatik egoera ekonomiko eta eguneroko lanean, iazko aurrekontuaren exekuzio maila %74, 63koa izan da. Pandemiari aurre egiteaz gain, beraz, urteko proiektu estrategikoak aurrera eraman ditu.

Gaur arratsaldean egin den ohiko plenoan, 2020. urteko aurrekontuen likidazioaren berri eman du Udal Gobernuak. Iazko kontuak itxita, Udala egoera ekonomiko onean dago. Urteko kontuen itxiera datu eta adierazleak aproposak dira udalaren egoera ekonomikoaren argazkia osatzeko.

Azpeitiko Udalak 23.623.096,44ko behin betiko aurrekontua izan zuen iaz. Aurrekontuaren %74,63koa izan zen exekuzio maila eta %8ko zor bizia du gaur egun Udalak.

Ez ohikoa izan zen 2020. urtea, baina mundu mailako pandemia batek herrian izan dituen eraginak arintzeko beharrezko baliabideak jartzeaz gain, aurreikusitako proiektu estrategikoak ere abian jarri direla azpimarratu nahi izan du Leire Goenaga ogasun zinegotziak. “Urte zaila izan da guztiontzat. Bai ekonomikoki eta baita sozialki ere. Udalaren egoera ekonomikoan ere zuzen eragin du pandemiak. Hala ere egoerari aurre egiteko baliabideak jartzeko apustua egin genuen iaz”. Atzera begira, iazko udaberrian inbertsio guztiak gelditu behar izan zituztela gogorarazi du: “Osasun alarma ezarri zenean inbertsio guztiak gelditu eta pandemiak eragindako beharrei erantzuteko baliabideak jartzeko apustua egin genuen”. Zehazki milioi bat euro baino gehiago bideratu zituen iaz osasun eta krisi ekonomikoak eragindako behar berriei erantzuteko: “Inoiz bizi gabeko egoera ezegonkor bati aurre egitea egokitu zaigu, eta herritarren oinarrizko beharrei erantzuteko jarri genuen hasiera hartan baliabide ekonomiko eta humanoak”. Hilabete gogorrenen ostean, aurreikusitako inbertsioei eutsi zieten: “Urte zaila izan da eta iazko udaberriko geldialdiak inbertsioen exekuzioan eragin zuzena izan du. Hala ere, proiektu guztiekin aurrera jarraitzen dugu, eta atzeratuta bada ere, aurten egingo ditugu”, zehaztu du.

Egoera ekonomiko ona
Ez ohiko urtea izanik, urte hasieran aurreikusitakoa betetzea ez da erraza izan. Bide horretan, udalek Gipuzkoako Foru Funtsetik jasotzen duten ekarpenaren baitan, Azpeitiko Udalak aurreikusi baino milioi bat gutxiago, jaso zuen adibidez. “Aurreikuspenak betetzea ez da erraza izan, ez sarrerenak ezta gastuenak ere. Sarreretan diru iturri nagusienetik jaitsiera jasan genuen. Hala ere, zuhurtziaz eginiko aurreikuspenak genituen, eta horrek sarreren aurreikuspena orekatzea ekarri digu”, gaineratu du. Sarreren betetze maila %83koa izan da zehazki.

Udalaren egoera ekonomikoaren beste datu esanguratsu bat zor bizia izan ohi da, eta legeak erakunde publikoei ezartzen dizkion aurrekontu egonkortasun eta finantza iraunkortasunaren helburuak eta gastu arauak betetzen ditu Azpeitiko Udalak. Legearen arabera, udalaren zorra ezin da izan aurreko urtean onartutako ohiko eskubideen %77a baino handiagoa; Azpeitikoa %8koa da. Gaur gaurkoz, udalak mailegu bat du, 2027.urtean likidatuko dena.

Diru gerakinari dagokionez, berriz, 16.308.461,87€ brutokoa da. Hala ere, gerakin horren zati handi bat hainbat konpromisori lotuta dagi. Beraz, gastu orokorretarako “erabilgarri” 11.374.501,10€ko diruzaintza gerakina du momentu honetan udalak.

Oinarri sendoa
2021ari begira, aurrekontuak egiterakoan sarreretan %5 gutxiago izango zutela aurreikusia du Udalak, Foru Funtsetik 700.000€ gutxiago jasoko dituelako, besteak beste. Hala ere, bizi dugun ziurgabetasun egoerari aurre egiteko oinarri sendoa duela berretsi du Goenagak: “Udalak dituen baliabide ekonomikoek lasaitasuna ematen digu urteari aurre egiteko. Herritarren egunerokotasunean sortzen diren behar berriei erantzuteko gaitasuna dugu, eta hori udal batentzat oinarri eta berme sendoa da”.