Amaia del Campok Hiri Agenda Next Generation Europako Funtsen erronkari aurre egiteko funtsezko pieza gisa kokatu du

0

Amaia del Campo Barakaldoko alkateak gaur goizean ohartarazi du, Tech Cities 2. jardunaldian, hiriek Next Generation funtsen esparruan Hiri Agendak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzearen garrantzia. «Hiriek protagonismo berezia izan behar duten garapen sozial eta ekonomikorako espazio bat ireki da», ziurtatu du.

Del Campok, Angela de la Cruz Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioko Hiri Politiken zuzendariorde nagusiarekin, Carles Ruiz Viladecanseko alkatearekin eta Charo Chavez Valladolideko alkateordearekin batera, Hiri Agendak Next Generation funtsen aurrean eskaintzen dituen aukerak aztertzeko mahai-inguruan parte hartu du. Ekitaldia modu hibridoan egin da, Sant Boi de Llobregateko Can Massallera antzokitik esku-hartze presentzialekin eta esku-hartze telematikoekin, Barakaldoko alkatearen kasuan bezala.

«Hiriak pertsona gehienen bizi-erreferentzia nagusia gara», gogorarazi du alkateak. «Hori dela eta, ezin dugu pasatzen utzi Hiri Agenda sendotzeko urratsak emateko aukera; agenda hori, berez, aukera handia da Europako funtsek sortutako agertoki berrian».

«Metropoli-hirien zeregina hiri-agendaren testuinguruan» izenburupean egindako topaketan, hogei bat udalek eta erakundek parte hartu dute, tokiko eta eskualdeko administrazioen politikak diseinatzerakoan hiri-agendak duen garrantziaz eztabaidatzeko eta hausnartzeko.

Ekitaldia ireki duen Next Generation funtsen aurrean Hiri Agendari eskainitako mahaiaz gain, beste hiru egin dira. Bigarren mahaian mugikortasun iraunkorraz eta metropoli-inguruneei dakarkien erronkaz hitz egin da, eta hirugarren mahaian, berriz, hiri-birgaitzeaz eta -berroneratzeaz. Laugarren eta azken mahaiak hirien berrikuntza eta digitalizazioa izan ditu ardatz.

Tech Cities 2. jardunaldiaren antolaketa teknikoa, Sant Boi de Llobregateko Udalak babestua, Tech Friendly barakaldarrak egin du, Hiri Agendan espezializatua. Ildo horretan, Tech Friendly enpresak 100 hiri baino gehiago laguntzen ditu gaur egun hiri-agenda eta eraldaketa adimenduna ezartzeko prozesuetan, eta estatu-mailan kokatu da Erosketa Publiko Berritzailea (CPI) edo Smart City bezalako tresnen integrazioan.

Halaber, hiri adimendunen esparruan estatuko proiektu garrantzitsuenetako batzuen buru da, eta, gainera, Spin-Off bat sortzea sustatu du ikuspen artifizialaren eta IoT muntaketa eta fabrikazioaren eremuan.