Euskal eta quebectar zinema ziklo trukaketa

0

Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburuak; Isabelle Dessureault, Quebeceko Iberiar Penintsularako ordezkariak; Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak eta Joxean Fernandez, Euskadiko Filmategiko zuzendariak Saison Québec – Pays Basque (Québec – Euskadi denboraldia), Quebeceko eta Euskadiko hiri nagusietan 2021. eta 2022. urteetan zehar burutuko den programa kultural eta artistikoa, aurkeztu dute gaur Donostiako Tabakaleran. Joan-etorriko egitasmo honen helburua da euskal kultura eta sorkuntza garaikideari Quebecen leiho bat irekitzea eta, era berean, Quebeceko sortzaileen lana Euskadin erakustea, hizkuntza, kultura eta artearen bidez bi herrialdeen arteko harremana estutzea jomuga. Etxepare Euskal Institutuak eta Quebeceko Kultura eta Komunikazio Ministerioak bideratu dute ekimena.

Egitasmo honek Scotland Goes Basque programaren lekukoa hartu behar zuen 2020an, baina azkenean 2021 eta 2022 urteen artean gauzatuko da. Covid-19ak eragindako egoerak proiektua atzeratu duen arren, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazak  egitasmoa aurrera eramateko bi aldeek erakutsi duten borondatea azpimarratu du, eta “konpromisioari eutsi” diotela adierazi.

Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuaren hitzetan, “Saison Québec – Pays Basque programari esker, euskal kultura ikusgai egongo da Quebecen, eta gure herria eta kultura, herrialde kreatibo bezala proiektatzeko aukera izango dugu. Era berean, euskal eta quebectar kultur eragileen arteko harremana eta ezagutza estutzeko balioko digu, programaren baitan egingo diren ekimenak elkarlan proiektuak baitira”.

Ekimenak, kultura, sorkuntza garaikidea eta hizkuntza ardatz hartuta, diziplina anitzeko eskaintza zabala aurreikusten du, beti ere Covid-19ak eragindako egoeraren bilakaerari lotuta. Proposamen honen bidez euskal kultura eta sorkuntzaren aberastasuna ezagutzeko aukera izango du Quebeceko publikoak eta Quebeceko sorkuntzaz gozatzeko parada izango du euskal ikuslegoak. Halaber, kultur eragileen arteko lankidetza, eta artista, sortzaile eta kultur industrien hartu emana sustatuko da. Izan ere, 30etik gora dira hitzordu ezberdinetan elkarlanean ari diren euskal eta quebectar eragileak.

Datozen hilabeteetan diziplina anitzetan izango dira euskal leihoak Quebeceko jaialdi, programazio eta kultur guneetan, hala nola, literaturan, arte eszenikoetan, musikan eta zineman, eta kongresu akademiko bat ere burutuko da Laval Unibertsitatean. Proiektuetako zenbait abian dira jada.

Etxepare Euskal Institutuak sustatutako proiektu hauek gauzatzeko elkarlanean ari diren eragileen artean daude EIZIE, Mintzola, Bertsozale Elkartea, Azkuna Zentroa, Euskal PEN Kluba, Euskal Kultur Erakundea (EKE), Dantzagunea, Dantzaz Konpainia, Tabakalera, Euskadiko Filmategia, Musikagileak, Bitamine Faktoria, eta baita Quebeceko jaialdi eta erakusleihoetan arituko diren sortzaile eta konpainiak.

Quebecen aldetik, berriz, Nazioarteko Harremanetarako eta Frankofoniarako Ministerioa, Kultura eta Komunikazio Ministerioa eta Conseil des Arts et des Lettres du Québec (CALQ) daude, euskal sortzaileak hartuko dituzten hainbat jaialdirekin batera.

Quebeceko zinema zikloa Euskadiko Filmategian

Saison Québec – Pays Basque egitasmoaren lehenbiziko mugarria Euskadiko Filmategiak, Cinémathèque Québécoisen laguntzarekin, antolatu duen Quebeceko zinema zikloa izango da.

Ziklo honek hiru hilabete beteko ditu Euskadiko Filmategiaren programazioan, eta ekoizpen garaikidea du ardatz nagusi. Pour la suite du monde (Pierre Perrault, Michel Brault, 1963) Quebeceko zinema modernoaren oinarri kontsideratzen den  filmarekin abiatuko da zikloa. Bigarren emanaldian, Anne Claire Poirier errealizadorearen  De mère en fille (1968) proiektatuko da, Quebecen film luze bat zuzendu zuen lehen emakumea izan zen hura.

Quebeceko zinema pittinka zabaldu da gure pantailetan eta adibide-pare bat eskaini nahi izan ditu Filmategiak. Le déclin de l’empire américain (1986) filmak jarri zuen nazioarteko erakusleihoan Denys Arcand, lurralde horretako zinemagile emankorrenetakoa. Eta zinemagile-belaunaldi berrira etorrita, Xavier Dolanek 19 urterekin filmatu, idatzi eta ekoitzi zuen bere opera prima: J’ai tué ma mère (2009), proiektatuko da.

Quebeceko zinematografia garaikidea aztertzean, okerra izango litzateke ekoizpenen aniztasuna ez azpimarratzea eta nabarmentzea. Thriller bat egongo da: Vic + Flo ont vu un ours (2013), Denis Côtérena. Aipagarria da, halaber, coming of age delakoaren joera, eta, hemen, Geneviève Dulude-De Cellesen Une Colonie (2018) eta Anne Émonden Jeune Juliette (2019) izango ditugu.

Hondo politikoa duten ekoizpenetan ere bada aniztasun estetikorik. Ildo horretan, Félix Dufour-Laperrièreren Ville Neuve (2018) animazioa, Myriam Verreaulten Kuessipan (2019) eta Sophie Derasperen Antigone (2019) filmak ikusi ahal izango dira. Zinema independentea ere ez da lagin eklektiko honetatik kanpora geldituko L.A. Tea Time (Sophie Bédard Marcotte, 2019) filmarekin.

Zikloa apirilaren 1ean abiatuko da Tabakaleran (Donostia) eta apirilaren 3an Bilboko Arte Ederren Museoan, eta ekainaren 24an eta 26an amaituko da hurrenez hurren. Sarrerak 3,5€ -ren truke eskuratu ahal izango dira egoitzetako leihatiletan edota www.sarrerak.tabakalera.eus eta www.museobilbao.com webguneetan. Film guztiak jatorrizko bertsioan proiektatuko dira, gaztelaniazko edota euskarazko azpitituluekin.

Zinema ziklo honek itzulerako bidaia izango du, irailean, osasun egoerak baimentzen badu, Cinémathèque Québécoisen egingo den euskal zinema zikloarekin. Tasio (1984), Montxo Armendariz; Vacas (1992), Julio Médem; Ander (2009), Roberto Castón; Amama (2015), Asier Altuna; Un otoño sin Berlín (2015), Lara Izagirre;  Irrintziaren oihartzunak (2016), Iratxe Fresneda; Handia (2017), Jon Garaño eta Aitor Arregi; Dantza (2018), Telmo Esnal; Oreina (2018), Koldo Almandoz; Black is Beltza (2018), Fermin Muguruza; Hil Kanpainak (2020), Imanol Rayo; eta Erlauntza (2020), Mireia Gabilondo, filmak proiektatuko dira.

Quebec: lehentasunezko lurraldea

Saison Québec – Pays Basque egitasmoak 2017. urtean, Iñigo Urkullu lehendakariak Quebecera egindako bidaia instituzionalean, hango Lehen Ministro zen Philippe Couillardekin sinatutako MOU edo Elkar-Ulermenerako Memorandumean du jatorria. Izan ere, Quebec, Euskadiren nazioartekotzeko estrategian lehentasunezko bazkidea baita, besteak beste, Euskadirekin, aniztasun kultural eta linguistikoaren babesa, berrikuntzaren aldeko apustua, eta ingurumenarekin eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko konpromisoa partekatzen dituelako. Akordio horretan, ingurumena, garapen ekonomikoa eta berrikuntzarekin batera, kultur esparruan bi herrialdeen arteko lankidetzan sakontzeko helburua jasotzen da, eta Saison Québec – Pays Basque da, hain zuzen, bi  herrialdeen arteko lankidetzaren emaitzetako bat.

Etxepare Euskal Institutuko ordezkariak hiru aldiz egon dira Quebecen egitasmoari forma emateko, eta 2019ko uztailean Euskadi-Québec kultur topaketa profesionalak burutu ziren Gasteiz, Bilbo eta Donostian bi herrialdeen arteko kultur trukaketak sustatu eta kultur erakusleihoak eratzeko helburuarekin. Hori izan zen Saison Québec – Pays Basque antolatzeko lehen urratsa. Halaber, Lehendakaritzak eta Quebeceko Kultura eta Komunikazio Ministerioak dirulaguntza deialdiak atera dituzte egitasmo honen baitako kultur jarduerak laguntzeko.

Kultur Konexioak: kulturaren bidez herrialdeen arteko elkarrizketa sustatzen

Etxepare Euskal Institutua 2019. hasi zen Euskadiren kanpo harremanetarako eta nazioartekotzerako estrategikotzat identifikatutako lurraldeei modu berezian erreparatzen. Hala sortu ziren Kultur Konexioak, nazioarteko harreman horietan kultur dimentsioa txertatu, herrialde eta kultura horiekin loturak estutu eta harreman iraunkorrak bideratu, sortzaile eta kultur eragileen artean zubiak eraiki eta lankidetza sendotu, eta eremu kultural eta akademikoan hartu-emana sustatzeko.

Filmak

Quebeceko zinema zikloa apirilaren 1ean hasiko da eta 11 film eskainiko ditu.

2021/04/01 (19:00) [TABAKALERA>Zinea]

2021/04/03 (19:00) [BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA>Auditoriuma]

POUR LA SUITE DU MONDE (Pierre Perrault, Michel Brault, 1963). Kanada. JBAES. 105’.


2021/04/08 (19:00)
[TABAKALERA> Zinea]

2021/04/10 (19:00) [BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA>Auditoriuma]

DE MÈRE EN FILLE (Anne Claire Poirier, 1968). Kanada. JBAES. 76’.


2021/04/15 (19:00)
[TABAKALERA> Zinea]

2021/04/17 (19:00) [BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA>Auditoriuma]

EL DECLIVE DEL IMPERIO AMERICANO –Le déclin de l’empire américain– (Denys Arcand, 1986). Kanada. JBAES. 101’.


2021/04/22 (19:00)
[TABAKALERA> Zinea]

2021/04/24 (19:00) [BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA>Auditoriuma]

YO MATÉ A MI MADRE –J’ai tué ma mère– (Xavier Dolan, 2009). Kanada. JBAES. 96’.


2021/04/29 (19:00)
[TABAKALERA> Zinea]

2021/05/01 (19:00) [BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA>Auditoriuma]

VICEK ETA FLOK HARTZ BAT IKUSI ZUTEN –Vic + Flo ont vu un ours– (Denis Côté, 2013). Kanada. JBAEU+ JBAEN. 95’.


2021/05/13 (19:00)
[TABAKALERA> Zinea]

2021/05/15 (19:00) [BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA>Auditoriuma]

UNE COLONIE (Geneviève Dulude-De Celles, 2018). Kanada. JBAES. 102’.

 

2021/05/20 (19:00) [TABAKALERA> Zinea]

2021/05/22 (19:00) [BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA>Auditoriuma]

VILLE NEUVE (Félix Dufour-Laperrière, 2018). Kanada. JBAES. 76’.

 

2021/06/03 (19:00) [TABAKALERA> Zinea]

2021/06/05 (19:00) [BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA>Auditoriuma]

KUESSIPAN (Myriam Verreault, 2019). Kanada. JBAES. 117’.

 

2021/06/10 (19:00) [TABAKALERA> Zinea]

2021/06/12 (19:00) [BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA>Auditoriuma]

ANTIGONA –Antigone– (Sophie Deraspe, 2019). Kanada. JBAEU. 109’.


2021/06/17 (19:00)
[TABAKALERA> Zinea]

2021/06/19 (19:00) [BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA>Auditoriuma]

JULIETTE GAZTEA –Jeune Juliette– (Anne Émond, 2019). Kanada. JBAEU. 97’.

 

2021/06/24 (19:00) [TABAKALERA> Zinea]

2021/06/26 (19:00) [BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA>Auditoriuma]

  1. A. TEA TIME (Sophie Bédard Marcotte, 2019). Kanada. JBAES. 85’.

 

JBAES: jatorrizko bertsioa gaztelaniazko azpitituluekin.

JBAEU: jatorrizko bertsioa euskarazko azpitituluekin.

JBAEN: jatorrizko bertsioa ingelesezko azpitituluekin.