Emakundeko zuzendariak, Izaskun Landaidak: «Lege hau tresna estrategikoa da berdintasun-politikak indartzeko»

0

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Justiziaren Batzordearen aurrean, Legebiltzarrean izapidetzen ari den Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea aldatzeko lege-proiektuari buruzko ekarpenak egiteko.

Landaidaren hitzetan, legealdiko legerik garrantzitsuenetako baten onarpenaren aurrean gaude eta «berdintasun politikak indartzeko tresna estrategikoa» izango da. Onartu behar den unea gogorarazi du, pandemiak eragindako krisiaren erdigunean, zeinetan «berdintasunaren aurkako diskurtsoak ere indarrez azaleratzen ari diren», eta, ildo horretan, legea «inoiz baino beharrezkoagoa» dela esan du. Adierazi duenez, krisialdiek zuzenean eragiten diete egoera ahulenean dauden pertsonei, emakume askori haien artean, eta berdintasunari berari.

Emakundeko zuzendariak 2005ean Legea onartzeak ekarri zuena azpimarratu du; lege hori aitzindaria eta erreferentea izan zen, eta «gure berdintasun-politiken nortasun-ikur bihurtu da», besteak beste, garai hartan emakumeen aurkako indarkeria desagerraraztea berdintasun-politiken esparruan kokatzen zuelako. Eta gogorarazi du 2011n proposatu zutela ikuspegi hori Istanbulgo Hitzarmenean. Landaidak adierazi duenez, orduan, orain bezala, «berdintasun ezari eta emakumeen aurkako indarkeriari erantzuna emango zien lege integral bat planteatu zen, lotura estua duten bi gai baitira, bata bestearen jatorria izanik».

Haren hitzetan, legeak aukera eman digu orain arte biktimei eta indarkeriatik bizirik atera direnei arreta emateko baliabide-sare zabala izateko, erakundeen arteko koordinazio-mekanismo egonkorrak izateko, edo berdintasun-teknikariak, besteak beste. Ildo horretan, ziurtatu du lege aldaketak berdintasunerako politikak garatzeko baliabide ekonomikoak, giza baliabideak eta baliabide teknikoak indartzea dakarrela; administrazioko langileen berdintasunerako prestakuntza bultzatzen duela, oinarrizko prestakuntza nahitaezkoa, progresiboa eta etengabea aurreikusten duelako; ikasgeletan hezkidetzako lana indartzen duela; haur eta nerabeei babes handiagoa ematen diela indarkeria matxistaren aurrean, eta laguntza berri bat ematen indarkeria matxistaren biktima diren seme-alabei, besteak beste.

Halaber, Emakunde buru izan duen legea aldatzeko prozesu parte-hartzailea nabarmendu nahi izan du Landaidak. Lege-proiektuak 400 ekarpen baino gehiago jaso ditu, bai gizarte zibiletik, bai erakundeetatik. Parte hartzeko prozesuan, generoan eta berdintasunean adituak diren pertsonak, emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioan eta arretan eskumena duten erakunde publikoak, talde feministak, emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioan, detekzioan eta arretan esku hartzen duten profesionalak, eta indarkeriaren biktimekin lan egiten duten gizarte-eragileak, erakundeak eta elkarteak izan dira.