Euskadiko azpiegitura sentikorrak babesteko sektoreko profesionalentzako “Gaurkotasun-gaiak PISE” webinarra inauguratu dute Josu Zubiagak eta Aitor Letek

0

Segurtasun Sailak, Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzaren bidez, “Gaurkotasun-gaiak” programa jarri du abian Euskadiko azpiegitura sentikorrak babesteko planean parte-hartze proaktiboa duten Euskadiko zerbitzu-operadoreentzat.

Segurtasun Sailetik sustatutako prebentzio- eta babes-ekimenen baitan, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak eta Segurtasuna Koordinatzeko zuzendari Aitor Letek gaur inauguratu duten “Gaurkotasun-gaiak PISE” programaren bidez Segurtasun Integralaren esparruko intereseko gaiak aztertuko dira.

Saio hauen bidez, planera atxikitako operadoreek gaurkotasun-gaiei buruzko ikuspegiak eta ikuspuntuak partekatuko dituzte Euskadiko segurtasun-ekosistema osatzen duten eragileekin. Alde horretatik, ezagutzak, ikuspuntuak eta ikuspegiak partekatzea eta eragile publikoen eta pribatuen arteko lankidetza funtsezkoa da babes integrala eratzeko eta erresilientzia gorena lortzeko euskal herritarrentzat oinarrizkoak diren zerbitzuetan, administrazioetan eta enpresetan.

Programa abian jarri da hiru hilean behin jarraipena emateko asmoz, eta, oraingoz, webinar formatuan. Lehenengo saioan sareetako eta informazio-sistemetako segurtasunaren esparruko legegintzako berrikuntzak aztertu dira.

Saioan Euskadiko Zibersegurtasunaren Zentroak (BCSC) eta Ertzaintzak ere parte hartu dute, azken honek Informazio Teknologietako Delituen Atal Nagusiaren eta Planifikazio Operatiborako eta Azpiegituren Babeserako Zerbitzuaren bidez.