Urkulluk eskerrak eman dizkio kontaktuen jarraipen-sareari egiten duen lanagatik

0

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuarekin eta Rosa Pérez Esquerdo Osakidetzako zuzendari nagusiarekin batera, gaur goizean, COVID-19aren Zaintza eta Kontrol Sareak Rontegin duen egoitza bisitatu du, eta bertan nabarmendu du nolako garrantzia duen herritarrek sarearekin elkarlanean jarduteak, pandemiari aurre egiteko eta bizitzak salbatzeko.

Sarea 36 erizain kudeatzailerekin sortu zen, medikuntza prebentiboko zerbitzuen, Osakidetzako lan-osasunaren eta Osalanen eskutik eta Osasun Sailaren Osasun Publikoaren Zuzendaritzaren babespean. Lehen bilera eta protokoloetatik gaurdaino, 700 profesionalek baino gehiagok eratzen duten sarea sortu da, OMEk ezarritako parametroen barruan.

Lan-bilera batean, Arrate Iturralde Sareko koordinatzaileak azaldu du hura abian jarri zenetik Osakidetzak sintomatologia izan duen pertsona bakoitzari eta haren kontaktu estuei proba diagnostikoak egin dizkiela. Kasu positibo guztiek zaintza-sarearen deia jaso dute. Gaixoentzat eta konfinatuentzat, profesional horiek erreferentziazko pertsonak dira.

Zaintza-zerbitzu horren lanaren garrantzia Euskadin identifikatu diren 150.000 kasu positiboetan islatzen da, eta eginiko 2,2 milioitik gorako probetan; proba horietako gehienak sarearen jarraipenaren ondorioz izan dira.

Euskadiko Zaintza eta Kontrol Sareak, gainera, erakundeen arteko eta gizarteko koordinazio-lana egiten du; foru-aldundiekin, beste sail batzuekin, hezkuntza-kolektiboekin eta GKEekin etengabe dago harremanetan, gehien behar duten pertsonentzako baliabideak aktibatzeko. Arreta integrala da; izan ere, haren lana ez da soilik epidemiologikoa, asistentziala ere bada. Kasu positiboekin eta haien kontaktuekin harremanetan jartzen diren profesionalen helburua da informazioa ematea, isolamendu egokia egiteko urratsak ematea, beharrezkoa bada gizarte-baliabideak aktibatzea eta osasunari eusteko heztea. Beraz, Osakidetzaren Lehen Mailako Arretarekin elkarlanean jardutea funtsezkoa da.