Euskadiko Zahartze Aktiboaren Indizea estatuko eta europako batez bestekoaren gainetik dago

0

2020an, Active Ageing Index-ak edo Zahartze Aktiboaren Indizeak 37.3-ko balioa lortu zuen; emaitza hori Europako batez bestekotik (35.7) eta Espainiako Estatukotik (25.7) gora dago. Indize horren arabera, Euskadi hamaikagarren postuan dago Europar Batasuneko 28 herrialdeekin erkatutako ranking batean, gaur Iñigo Urkullu Lehendakariak Astur de Uruguay fundazioak antolatu duen mintegi birtualean iragarri duenez.

“Gainera, ‘Zahartze aktiborako gaitasuna eta horretarako bide ematen duen ingurunea’ren atalean nabarmendu egiten gara, puntuaziorik altuena baitugu”, esan du Urkulluk. Eremu horrek etorkizunean zahartze aktiboa eta osasungarria sustatzeko gaitasuna eta ingurumen-alderdiak erakusten ditu, pertsonen baliabideek, osasun-kapitalak eta giza kapitalak erakarrita. Atalak sei adierazle barne hartzen ditu: bizi-itxaropen orokorra, bizi-itxaropena osasunarekin, ongizate mentala, teknologia berrien erabilera, gizarte-konexioa eta hezkuntza-maila. Euskadik, eremu horretan, baliorik altuena du, Europako gainerako herrialdeen aldean (73.1) eta hamar puntu baino gehiagotan gainditzen ditu bai Espainiako Estatua (59.7) bai EB-28ko batez bestekoa (57.5).

“Adierazle horien analisian oinarrituta ondoriozta daiteke Euskadin pertsonei bizitza osasungarriak, independenteak eta seguruak izateko –alegia benetako zahartze aktiboa izateko– aukera ematen dieten parametroak daudela”, esan du Lehendakariak. Tresna horrek dimentsio aniztasunez ebaluatzen eta kuantifikatzen du nagusien ekarpenaren garapena, ez bakarrik emaitzei dagokienez, baita zahartze aktiborako eta osasungarrirako kapitalari dagokionez ere.

Nolanahi ere, nabarmendu behar da Europako herrialdeetako AAIren balioak  eskuratzeko erabili diren datuak 2018ko indizearen kalkuluari dagozkiola; beraz, inkestek aurretik batu zituzten datuak. Horrekin batera, hura kalkulatzeko erabilitako 22 adierazleetatik 12 Euskadin 2020an 55 urtetik aurrerako pertsonen bizi-baldintzen inkestatik datoz. Horrenbestez, adierazleen balioa baliteke aldatuta egotea, ohiko jardueran eragina duen COVID-19-ak eragindako osasun-alertari lotutako ezohiko egoeraren ondorioz.

2014ko indizearen eta 2020koaren arteko erkaketak erakusten du Zahartze Aktiboaren Indizea igo egin dela 6 urteko aldi horretan. Gizarteko parte-hartzean izan ezik, igoerak antzeman dira eremu guztietan, eta, horien artean, zahartze aktiborako gaitasuna eta horretarako bide ematen duen ingurunea nabarmentzen dira. Joera positibo horretan honako hauek dute eragina: IKTak gehiago erabiltzea, ongizate mentala, desgaitasunik gabeko bizi-itxaropena, ariketa fisikoa eta 55 eta 64 urte bitarteko pertsonek lan-merkatuan parte-hartze handiagoa izatea. Hori horrela, osasun-portaerek eta Euskadin garatutako gizarte- eta osasun-kapitalak Euskadi bera datozen urteotan zahartze aktiborako maila handiagoa izateko ahalmen handiekin jartzen dute.

Lehendakariak, amaitzeko, honako hau esan du: “Euskadik adinekoei bizitza aktiboa, osasungarria eta erabatekoa bermatzen jarraitzeko konpromisoa du eta, horretarako, zahartze aktiboari sustapen estrategikoa emateko eta autonomia pertsonala, gizarte-partaidetza eta nagusien erabateko bizitza osasungarria sustatzeko konpromisoa”.