Eusko Jaurlaritza beste urtebetez atxikitzen zaio «Planetaren Ordua»ri

0

Eusko Jaurlaritza “Planetaren ordua” izeneko nazioarteko ekimenari atxiki zaio. Ekimenaren helburua da herritarrak klima-aldaketaren eta biodibertsitate-galeraren ondorioei buruz sentsibilizatzea. Horretarako, datorren larunbatean, martxoak 27, 20:30etik 21:30era bitartean, Ekoetxea Sareko eraikin guztietako argiak itzaliko ditu. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak kudeatzen du Ekoetxea Sarea, Ihobe Sozietate Publikoaren bitartez. Ekoetxea Sareak 4 ingurumen-zentro ditu: Ekoetxea Urdaibai eta Ekoetxea Meatzaldea, Bizkaian; eta Ekoetxea Txingudi eta Ekoetxea Azpeitia, Gipuzkoan.

WWF elkarteak (Naturarentzako Mundu Fondoak) sortutako eta antolatutako mundu mailako ekitaldia da “Planetaren ordua”. Sydneyn (Australia) jaio zen, planeta osoan zehar zabaldu da, eta irismen globaleko ingurumen-mugimendu handienetako bat bihurtu da. Ekimenaren bultzatzaileen ustez, “klima-aldaketaren eta biodibertsitate-galeraren aurkako munduko mugimendurik handiena” da; aurten, digitala izango da. Herritarrak eta eragileak jarduerarekin bat egitera animatzeko, Sailak sentsibilizazio-bideo labur bat zabaldu du sareetan, Ekoetxea zentroetako argien itzalaldia ikusteko.

Gizarte zibiletik sortutako “Planetaren ordua” bezalako ekimenak martxan jartzeak ingurumen-erronken hedapen handiagoa lortzen laguntzen du, eta herritarrek parte aktiboa izan dezaten zuzenean eragiten dieten gaietan. Eusko Jaurlaritzak, karbono gutxiko ekonomia lehiakorra bultzatzeko duen ingurumen-konpromisoari esker, aurten ere mugimenduari laguntzearen aldeko apustua egin du, eta ez du zalantzarik izan harekin bat egiteko.

 

 

Programazio berezia

Aipatutako itzalaldiaz gain, Ekoetxea zentro bakoitzean familiei zuzendutako jarduera espezifiko bat garatuko da, energia-kontsumoarekiko eta klima-aldaketarekiko gure jokabideari buruz sentsibilizatzeko.

Zehazki, martxoaren 27an, larunbatean, Ekoetxea Urdaibaik “Kandelak biodibertsitatearen alde?” izeneko tailer bat antolatuko du 16: 30etik 18: 30era. Bertan, tailerreko parte-hartzaileek kandelak egingo dituzte erle-argizari naturalarekin, eta etxera eraman ahal izango dituzte “Planetaren ordua”n egingo den itzalaldian erabiltzeko. Jarduera honetan izena emateko 946870402 telefonora deitu edo info.urdaibai@ekoetxea.eus helbidera mezu bat idatzi.

Ekoetxea Txingudin, halaber, beste tailer bat egingo da 10:00etatik 14:00etara, hezeguneak klima-aldaketa arintzeko duen funtzioan arreta jartzeko. Hori guztia kandelen argitan egingo da, ekimenari sostengua erakusteko. Kasu honetan, 943619389 telefonora deituz edo ondorengo helbide elektronikora idatziz eman daiteke izena: info.txingudi@ekoetxea.eus.

Larunbat horretan bertan, Ekoetxea Meatzaldean, tailer/erakusketa bat antolatuko da energia berriztagarriei eta beren aplikazioei buruz; ikuspegi ludikotik, parte-hartzaileak energia/klima binomioari buruz kontzientziatuko ditu. Jarduera 16:00etatik 18:30era izango da eta izena eman daiteke info.azpeitia@ekoetxea.eus posta elektronikoaren bidez edo 943812448 telefonora deituz.

Amaitzeko, igandean, martxoaren 28an, 12:00etatik 13:00etara, Ekoetxea Meatzaldeak “Lur planeta maite zaitut!” izeneko ipuin-kontaketa antolatuko du; bertan, klima-aldaketa, biodibertsitate-galera eta giza jarduerek ingurunean dituzten inpaktuak jorratuko dira. Izena emateko 946338097 telefonora deitu edo info.meatzaldea@ekoetxea.eus posta elektronikora idatzi behar da.