Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkoreka eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari Andrés Zearreta Barakaldoko BECen izan dira gaur goizean, goizeko lehenengo orduan hasi baitira Ertzaintzako eta Azkoitia, Basauri, Bermeo, Bilbo, Donostia, Durango, Etxebarri, Getxo, Hondarribia, Irun, Laudio, Lekeitio, Pasaia, Portugalete, Tolosa, Vitoria-Gasteiz, Zarautz eta Zumaiako udaltzaingoetako 751 plazetako bat (gehiago ere izan daitezke) lortzeko hautaprobak.
Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek koordinatuta deitzen duten eta Ertzaintzako eta/edo Udaltzaingoko agente-plaza lortzeko proba bateratuak dituen bigarren hautaketa-prozesua da. Gaur egindako azterketa psikoteknikoak eta teorikoak baztertzaileak dira, eta horiek gainditzen dituztenek bakarrik egin ahal izango dituzte hurrengo fasean Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak bi hilabete baino lehenago deituko dituen proba fisikoak eta elkarrizketa pertsonala.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak izena emateko prozesua amaitu duten 6.421 pertsona deitu ditu probetara (4.531 gizon eta 1.890 emakume). Horietatik % 54,6k hizkuntza-eskakizunen bat egiaztatu dute, % 92 jatorriz Euskadikoak dira eta % 58 20-29 adin-tartekoak dira:
HIRU HELBURU
Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek lehentasunezko hiru helburu ezarri dituzte Euskadiko polizia-kidegoetan sartzeko deialdi bateratu honetarako:
- Euskadiko poliziak ematen duen oinarrizko zerbitzu publikoa behar bezala betetzeko beharrezko eta behar adinako baliabideak bermatzea. Deialdi honekin aurrera egingo da belaunaldien txanda eta erroldak gaztetzea bermatzeko konpromisoan.
- Emakumeak deialdi honetara aurkez daitezen sustatzea, emakumeek erroldetan duten presentzia eskasa zuzentzeko. Emakumeen eta gizonen berdintasunean aurrera egiteko konpromisoa da, baina baita zerbitzu publikoa hobetzeko konpromisoa ere, esate baterako delitu matxisten biktimak artatu behar direnerako.
- Polizien erroldaren % 100 euskalduna izateko azken helburura iristeko bidean aurrera egitea, euskara harremanetarako ohiko hizkuntza bihur dadin, bai laneko hizkuntza gisa bai herritarrei arreta emateko hizkuntza gisa.
COVID-19 PROTOKOLOA
Eusko Jaurlaritzak, Barakaldoko BECekin batera, COVID-19ari aurre egiteko plan bat ezarri du, osasun-araudia errespetatzeko protokolo zehatzekin:
- Normalean baino pabiloi gehiago kontratatu dira pertsonen artean bi metroko tartea bermatzeko. Guztira 4 pabiloi erabiliko dira, eta aforoaren % 50tik behera beteko da kasu bakoitzean. 18 ilarako eta 18 zutabeko 4 eremutan banatuko dira, eta pabiloi bakoitzean 1.286 pertsona sartuko dira, beraz, eta beste 100 erreserbakoak izango dira.
- Pabiloi bakoitzaren barruan eta kanpoaldean laguntzaile eta arduradun gehiago izango dira:
- Barruan, bi ilarako (36 pertsonako) pertsona bat egongo da. Uneoro gogoratuko dituzte jarraibideak, bai eta probak irauten duen denboran maskara erabiltzea eta distantziak mantentzea derrigorrezkoa dela ere.
- Pabiloietatik kanpora pertsonen joan-etorriak kontrolatzeko talde espezifikoak egongo dira, eta barrura antolatuta eta ilaran sartzeko ibilbideak sortuko dituzte.
- Pabiloien barruan eta kanpoaldean gel hidroalkoholikoa banatzeko taldeak egongo dira, nahitaezkoa izango baita eskuak gel hidroalkoholikoz garbitzea.
- Probak egin aurretik garbiketa eta desinfekzio zerbitzua indartu da.
- Lokaletako aireztapen naturala eta mekanikoa areagotu dira, berritutako aire-bolumena handiagoa izan dadin.
- Azterketak banatzeko eta jasotzeko sistema bat ezarri da izangaien eta laguntzaileen eta arduradunen arteko kontaktu fisikoa minimizatzeko. Lan hori egiten dutenek, erabili eta botatzeko eskularruak erabili ahal izango dituzte.
- Epaimahaiak osatuko dituzten pertsonek, laguntzaileek eta izangaiek erabiliko duten materiala bereizi egingo da, ez ditzaten boligrafoak eta gainerako materiala partekatu. Erabili eta botatzeko materiala erabiliko da objektuak zehatz-mehatz garbituko direla bermatu ezin bada.
- Izangai bakoitzak etxean tenperatura hartu beharko du eta ez du joaterik izango 37 gradutik gora, eztul lehorra, eztarriko mina eta arnasa hartzeko zailtasuna baditu eta usaimena edo dastamena galduta baditu. Pertsona bakoitzak jada jaso du izena emateko eta sartzeko QR kode bat identifikazio elektronikorako eta, era horretara, azkar sartu ahal izateko, laguntzaileek bere lekura lagundu beharrik izan ez dieazaioten. Era berean, jarraibideak eta planoak jaso dituzte pabiloietara pilaketarik sortu gabe sar daitezen, eta probaren hasieratik bukaerara maskara erabiltzea derrigorrezkoa dela, pertsonen artean tartea utzi behar dela, eta abar gogorarazteko.