Covid-19ari aurre egiteko establezimenduetan egindako inbertsioak laguntzeko dirulaguntza abian da Azpeitian

0
Merkataritza eta ostalaritza establezimenduek Covid 19aren ondorioz ezarritako osasun protokoloak betetzeko eginiko inbertsioak laguntzeko dirulaguntza deialdia jarri du abian Azpeitiko Udalak. Apirilaren hasieratik maiatzaren 18a bitartean aurkez daitezke eskaerak.

Diruz lagunduko dira 2020ko martxoaren 14tik 2021eko maiatzaren 15era bitartean osasun alarma egoerari aurre egiteko establezimenduak egokitzeko establezimenduetan egindako inbertsioak eta ekipamenduak. Baita inbertsioak gauzatzeko azterketak ere, jarduera ekonomikoa koronabirusari aurre egiteko prestatzeko egin badira.

Besteak beste, honako kontzeptu hauek lagunduko dira:

• Lokalak eta laneko moduak egokitzea.

• Segurtasun eta osasunaren irizpideak/protokoloak betetze aldera, merkataritza- edo ostalaritza-lokalak moldatzeko inbertsioak eta ekipamendua.

• Bezeroekin eta erakunde hornitzaileekin harreman berriak antolatze aldera, laneko moduak egokitzeko inbertsioak eta ekipamenduak.

2.000€ arteko laguntzak
Diruz lagundu daitekeen gehieneko gastua jarduketaren aurrekontuaren % 100 artekoa izango da, gehienez, 2.000 eurokoa establezimendu bakoitzeko. Fakturen datak eta bere ordainketak aurrez aipaturiko epealdiaren barrukoak izan beharko dute.

Dirulaguntzaren onuradunak izan daitezke beren kontura lanean diharduten pertsonak edo autonomoak, baita enpresa txikiak ere, beren forma juridikoa edozein dela ere, 15 langile baino gutxiago badituzte eta txikizkako merkataritzaren nahiz ostalaritzaren sektoreetan badaude. Horrez gain, urteko negozio-zifrak ez du 1 milioi euro gainditu beharko.