Pandemia garaian delinkuentzia-tasak % 18 egin du behera Euskadin

0
PRUEBA

Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak gaur goizean aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean Euskadiko Delinkuentzia Kasuen 2020ko Azterketa. Dokumentuan urtero biltzen, aztertzen eta alderatzen da Euskadin egiten diren eta Ertzaintzak eta 15.000 biztanletik gorako udaletako udaltzaingoek zenbatzen dituzten arau-hauste penalei buruzko informazioa.

2020an Euskadin delinkuentzia-tasa % 45,05ekoa izan zen mila biztanleko, eta aurreko urtearekin alderatuta % 18 egin zuen behera. Lurraldez lurralde eta hiriburuz hiriburu aztertuz gero, ikusten da jaitsierarik handiena Bizkaian izan zela (2019an baino % 21 gutxiago), ondoren Gipuzkoan (% 15 gutxiago) eta Araban (% 14,5 gutxiago). Jaitsiera nabarmen horren eta aurreko urtearekin alderatuta delituen tipologian izandako aldaketaren arrazoi nagusiak pandemiak eragin duen egoera eta, Covid-19aren hedapena geldiarazteko ezarritako alarma-egoeraren eta osasun-araudiaren ondorioz, ordutegietan, mugikortasunean, pertsonen arteko tarteetan eta abarrean ezarritako murrizketak dira:

 

Euskadiko poliziek 2020an 100.041 arau-hauste penal jaso zituzten, aurreko urtean baino % 17,6 gutxiago. Lurraldez lurralde eta hiriburuz hiriburu aztertuz gero, gehienak jaso ziren Bizkaian (54.205, -% 20,2) eta Bilbon (22.234, -% 23), eta ondoren Gipuzkoan (29.138, -% 14,6) eta Donostian (10.640, -% 11,3) eta jarraian Araban (16.698, -% 14) eta Gasteizen (13.984, -% 8,3). Guztietan beheranzko joera ikusten da:

 

DELITU-TIPOLOGIA

Era berean, pandemia garaian behera egin dute Euskadin gehien erregistratzen diren arau-hauste penalen tipologia nagusiek, bai pertsonen aurkakoek bai ondarearen aurkakoek. Gehien jaitsi direnak ondarearen aurkako delituak dira (etxeetan indarra erabiliz egindako lapurretak, indarkeria edo beldurra erabiliz egindako lapurretak, ebasketak, autoen lapurretak, etab.), % 23 egin baitute behera Euskadin (% 26,44 Araban, % 25,26 Bizkaian eta % 16,86 Gipuzkoan).

Covid-19aren hedapena geldiarazteko ezarritako murrizketei egotzi ahal zaion ezohiko egoera honetan, nabarmentzekoa da Euskadin bi delitu-motek izan duten igoera:

  • Delitu informatikoak (25. or.):935 erregistratu ziren, iaz baino % 18,3 gehiago. Bereziki nabarmentzen da Internet bidez egindako iruzur-delituetan izandako igoera: 2020an 15.728 salaketa jaso zituen Ertzaintzak, 2019an baino % 18,2 gehiago.
  • Covid-19ak eragindako ezohiko egoerarekin zerikusia duten delituak (24. or.): 1.453 arau-hauste penal izan ziren. Ia bikoiztu egin dira (+% 92,7) delitu hauek: agintaritzaren aurkako atentatua, agintaritzari aurre egitea, desobeditzea, desordena publikoak, etab., eta guztiek alarma-egoeran mugak eta osasun-murrizketak ezartzen dituen araudia ez betetzearekin lotuta daude.

EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA

2020an bi emakume hil ziren Euskadin emakumeen aurkako indarkeriaren ondorioz: Miren Goizargi eta bere alaba Paola Méndez, Abanto-Zierbenako Sanfuentes auzoan bizi zirenak. Hala ere, delitu matxistek, oro har, behera egin dute Euskadin: 5.276 salaketa jarri ziren, aurreko urtean baino % 4,4 gutxiago. Eta indarkeria honen aldaera guztiek egin dute behera: bikotekideak edo bikotekide ohiak burututako genero-indarkeriak, familia barruan beste familiarteko gizonezko batzuek burututako indarkeriak eta sexu-askatasunaren aurkako indarkeriak (abusua, jazarpena, etab.).

Bestalde, familia barruan gertatzen diren eta matxista osagaia ez duten tratu txarren delituak ia bere horretan mantendu dira 2020an: 4.356 salaketa jaso zituen Ertzaintzak.

GORROTO DELITUAK

Azkenik, gora egin dute “gorroto-delituak” deitzen direnek. Kategoria horretan sartzen dira arrazakeriarekin, antisemitismoarekin, sexuarekin, generoarekin, joera politikoarekin edo ideologikoarekin, adinarekin, aniztasun funtzionalarekin eta antzekoekin zerikusia duten arau-hauste penalak. 2020an 241 delitu burutu ziren, eta aurreko urtearekiko % 130eko igoera izan zen, beraz.  Eusko Jaurlaritzaren ustez igoera horren arrazoia da gizartean gora egiten ari direla era horretako arau-hausteekiko sentsibilizazioa eta ezagutza, eta, horren ondorioz, gero eta gehiago salatzen direla era horretako delituak.