Ekoetxea Urdaibaik oinezkoentzako sarbide berri bat ireki du

0

Duela gutxi amaitu da Ekoetxea Urdaibai ingurumen-hezkuntzako zentroa eta Busturiako San Bartolome auzoko autobus-geltokia zurezko pasabide edo palafito baten bidez lotzen dituen sarbide berria. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuak sustatutako obra da, eta kokatuta dagoen lurrean ahalik eta inpaktu txikiena izan dezan diseinatu da. Hala, zeharkatzen duen hariztiko zuhaitzak errespetatu dira, eta malda egokitu da, lurren mugimendua ahalik eta txikiena izateko helburuarekin. Horrez gainera, bertako pinu-zura erabili dute pasabidea eraikitzeko.

Biosfera Erreserbaren eremurako sarbidea errazago egiteaz gain, Ekoetxea Urdaibairen kanpoaldea paisaia pedagogiko gisa birformulatzeko eta natura eta biodibertsitatea ezagutzeko eremu bihurtzeko asmo handiko proiektu baten barruan kokatzen da pasabidea. Horretarako, Ekoetxearen eraikinaren barruan dauden elementu eta edukiekin bat datorren diskurtsoa osatu nahi da zentroaren kanpoaldean, Urdaibaiko ekosistemen ezaugarriak biltzen dituzten eremu didaktikoak sortuz; besteak beste, sarbide berria dagoen harizti atlantikoa, landazabal atlantikoa eta padurak.