Euskal Emakume Artisten Dokumentazio Zentroa bisitatu du Emakundek

0

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria Artiumeko zuzendari Beatriz Herráezekin eta museoko Liburutegiko arduradun Elena Roserasekin batera izan da aurten martxan jarri den Euskal Artisten Dokumentazio Zentroa ikusten. Horrela, jada arte garaikidearen esparruan kontsultarako eta ikerketarako erreferentziazko gunea den Artiumeko Liburutegiari eta Dokumentazio Zentroari jarraipena ematen dion espazio bat prestatu da.

“Euskal Artisten Dokumentazio Zentroa. Praktika artistikoak eta arte feministen teoriak” izeneko espazioak plataforma eta topagune bihurtu nahi du praktika artistikoen eta ikuspegi feministen artean sortzen diren harreman produktiboetan interesa duten artista eta publikoen artean.

Gune espezializatu horren helburuen artean daude, besteak beste, ezagutza-arlo horiek ikertzen lagunduko duten bibliografia- eta dokumentu-iturriak biltzea, antolatzea, gordetzea eta zabaltzea, bai eta Museoaren programei, bildumari eta erakusketei lotutako euskal artisten eta pentsalarien dokumentazioa eta artxiboak biltzea eta gordetzea ere.

Dokumentazio-zentro honen helburua da, halaber, feminismoaren eta artearen ondare dokumentala babestea eta zabaltzea; feminismoa ardatz duten testuinguru kultural, sozial eta politikoak ikertzeko euskarria eskaintzea; eta feminismoarekin zerikusia duten artistekin, komisarioekin, elkarteekin, erakundeekin eta bestelako ikerketa-zentroekin eta dokumentazio-zentroekin lankidetzan aritzea eta sinergiak sortzea.