Emakundek Euskadiko berdintasun-politikak azaldu ditu CSW65eko mundu osoko liderren aurrean

0

2019an egin bezala, aurten ere Emakundek Emakumearen Batzorde Juridiko eta Sozialaren (CSW) ekitaldi ofizial batean parte hartu du. NBEk antolatutako ekitaldian batzorde horren 60. edizioan herrialdeentzat ezarritako helburuak berrikusi dira. Espainiako Estatua borondatezko herrialde berrikusle gisa aurkeztu da, eta, testuinguru horretan, Euskadik bere berdintasun-politikak azaldu ditu munduko herrialde guztietako ordezkaritzen aurrean.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak legegintza-arloko aurrerapenak errepasatu ditu, eta 2005eko Berdintasunerako Euskal Legea erreformatzeko proiektua aipatu du, gaur egun Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari dena; plangintzan egindako aurrerapenen berri eman du, Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Plana aipatuz, soldata-arrakala murrizteko Estrategia eta Plan Operatiboa eta EAEko hezkuntza-sistemarako hezkidetzako II. Plana.

Horri dagokionez, eta emakumeen beharrezko ahalduntze pertsonal, kolektibo, sozial eta politikoan aurrera egiteko, emakumeen elkarte-sareari emandako laguntza nabarmendu du, berdintasunaren aldeko eraldaketan eragile aktiboak izan daitezen, diru-laguntzen, prestakuntza-prozesuen eta Emakunderen Aholku Batzordean duten parte-hartze politikoaren bidez, horixe baita Euskadiko emakume-elkarteen partaidetza-organo nagusia.Emakumeen presentziari buruzko erabakietan, besteak beste, «Virginia Woolf Basqueskola» emakume Politikoen ahalduntzerako Programa nabarmendu du, 2012an abian jarri zena EUDELekin batera. Eta azaldu du emakumeak ahalduntzeko lan hori Emakundek berdintasunaren alde gizonak inplikatzeko egiten duen lanarekin osatzen dela, bereziki, Gizonduz programaren bidez edo berdintasuna eta balio-aldaketa sustatzeko enpresekin, ikastetxeekin eta komunikabideekin egiten den lanarekin, esku-hartze programa espezifikoen bidez.

Landaidak gogorarazi du COVID19ak sortutako krisi-testuingurua eta horrek berdintasunean dituen ondorioak, eta adierazi du orain erronka nagusiena dela «emakumeen eta nesken eskubideak ekonomiaren eta gizartearen susperraldiaren eta eraldaketaren erdigunean jartzea, pertsona guztien giza eskubideak bermatzeko eta inor atzean ez uzteko».

Datorren martxoaren 26ra arte, estatu kideetako, Nazio Batuetako erakundeetako eta munduko eskualde guztietako gobernuz kanpoko erakundeetako ordezkariak izango dira Emakumearen Batzorde Juridiko eta Sozialean.