Lan-esplotazioa helburu zuen nikaraguar jatorriko pertsonen trafikoan ari zen talde kriminal bat desegin dute

0

Atxilotu dituzten hiru pertsonei –Nikaraguako bi emakumeri eta Boliviako gizon bati– talde kriminal baten barruan pertsonen legez kontrako trafikoa, legez kontrako immigrazioan laguntzea eta lan-esplotazioa helburu duen giza salerosketa leporatu dizkiete. Azaroan hasi zen ikerketa Ertzaintzako Pertsonen aurkako Delituen Atal Nagusiko agente adituek egin dute, Durangoko hirugarren Instrukzio Epaitegiak zuzenduta.

Taldeak Nikaraguan erakartzen zituen emakumeak familiarteko kontaktuen bidez, eta bidaia antolatzen zien eta Espainian modu irregularrean egotea ahalbidetzen zien, eta kasu batzuetan etxe-zerbitzuko lanetan barruko neskame moduan ere esplotatzen zituen. Bidaia egiteko, taldeak hegazkineko txartelak, hainbat ordainketa egiteko, hala nola tasak edo bideko beste gastu batzuk ordaintzeko, 1.000 dolar inguru, gonbidapen-agiriak eta Espainiako lurraldean sartzeko beharrezko gainerako dokumentazioa hornitzen zizkien biktimei.

Biktimak 20 urtetik 40 urtera bitartekoak, kontratu bat sinatzera behartzen zituzten, eta abal moduan jatorriko herrialdeko familiaren jabetzak jartzen zituzten. Horrez gainera, 10.000 euro inguruko zorra, taldeak Bizkaira iristean jakinarazten ziena, egiten zuten taldearekin. Zor hori, kasu honetan, taldeak berak lortutako etxe-zerbitzuko lanetan kobratutako diruarekin ordaindu behar zuten. Kasurik gehienetan barruko neskame moduan lan egin behar izaten zuten, era horretara isolatuta egotea eta gizarte-harremanak saihestea lortzen baitzuten, eta, aldi berean, biktimen zaurgarritasun-egoera areagotzea.

Ikerketan zehar jakin da hamar bat migratzaile irregular sartu dituela Espainian talde honek, eta lan-esplotazioa helburu duen giza salerosketaren kasu bat ere badago tartean.  Horrez gainera, etxebizitzan aurkitu duen dokumentaziori esker, Ertzaintzak espero du egiaztatu ahal izatea 2017tik martxan zegoen talde honek hogei bat emakume sartu dituela Estatuan.

Giza salerosketan aritzen diren latinoamerikar jatorriko taldeak ongi egituratuta egoten dira, eginkizunak banatuta izaten dituzte eta Europan euren egoera pertsonala hobetzeko aukera ikusten duten biktimen zaurgarritasunaz eta premia-egoeraz baliatzen dira.