DFGren logistika zentro berriaren lehen harria jartzeko ekitaldian parte hartu du Eusko Jaurlaritzak

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua
PRUEBA

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburuak eta Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak parte hartu dute DFG Distribuidora Farmacéutica de Gipuzkoa enpresaren logistika zentro berriaren lehen harria jartzeko ekitaldian.

DFG medikamentuen biltegi logistikoa da Gipuzkoako botika guztietarako. Duela ehun urte baino gehiagotik, Gipuzkoako farmazialariak gaur egun banaketa lokalerako DFGn dagoen egituraz hornitu dira. Horri esker, Gipuzkoako 286 farmaziek garaiz eta egunero jaso dezakete behar duten medikazioa, eta pandemian zehar helburu hirukoitz bat bete ahal izan dute: segurtasun pertsonala bermatzea, medikamentuen zerbitzua eta hornidura mantentzea eta DFGren errentagarritasuna eta bideragarritasuna zaintzea.

Pandemiak ekoizpenaren hurbiltasuna eta hornitzaile-sare hurbil bat izatearen beharra agerian utzi duen une honetan, Tapia sailburuak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak reshoring-programa bat jarri duela abian, hainbat sektoretako enpresek beren ekoizpen-kateak berriz diseina ditzaten laguntzeko, hornitzaile baten urruntasunak ekoizpenean eta/edo banaketan bete-betean eragiten ez duela bermatuz. Hala, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak azpimarratu du tokiko ekoizpena eta banaketa-sistema logistiko on bat funtsezkoak direla ekoizpena eta hornidura errotik ez gelditzeko.

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak, bere aldetik, azpimarratu du Gipuzkoako Farmazia Banaketarako Zentro Logistiko berriak biltegi farmazeutiko berri bat baino askoz gehiago dakarrela: sektore horrek erronka estrategiko garrantzitsuei heltzeko duen borondate irmoaren erakusle da, hala nola sendagaien kontsumoa handitzea, kasu honetan Osakidetzak artatutako biztanleen artean. Hala, adierazi du harro egoteko modukoa dela maila teknologiko handiko banaketa izatea, punta-puntakoa Europan, eta Euskadiko herritarrek behar dituzten sendagai guztiak lurraldeko farmazia guztietara iritsiko direla ziurtatzen duela, kalitate handiko estandarrak betez.

Fernando Echeveste DFGren presidenteak, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Nekane Arzallus Donostiako Hirigintza zinegotziak eta Juan Piera DFG zuzendari kudeatzaileak ere parte hartu dute ekitaldian.

Zentro logistiko berria

Zentro logistiko berria 16.900 metro koadroko lurzati batean kokatuko da, 13.000m2-ko eraikigarritasunarekin, Donostiako Eskuzaitzeta industrialdean. Zentro logistiko berrian, guztira, 20 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusi da. Obrak 2021ean egingo dira, eta biltegi berrirako lekualdaketa 2022an burutuko dela aurreikusi da. Biltegi ultramoderno bat izango da, OSR Shuttle teknologiaz hornitua, izango duen robotizazioak lerroen %82 automatizatzea ahalbidetuko du eta langileen lana zein loteen eta iraungipen daten kontrola hobetuko du.

Arlo soziosanitarioko ekoizpen eta logistikari dagokionez, Arantxa Tapia sailburuak Euskadi osasun produktu eta txerto fabrikatzaile bihurtzearen alde agertu da, Europako enpresa garrantzitsuentzat ekosistema erakargarria osatzen duten gaitasun eta azpiegiturak dituelako. «Dagoena sendotzeko eta hazteko lanean ari gara, Euskadira gaitasun eta teknologia berriak erakartzeaz gain, Espezializazio adimenduneko gure estrategian lehentasunezkotzat jotzen den esparru honetan hazteko», gaineratu du.