Giro zuri-gorria Bizkaia osoan

0

Larunbateko finalera garamatzan atzera-kontaketaren egun bakoitzean, Bilbok eta Bizkaia osoak euren talde maitearen alde dena nola ematen duten erakusten dute. Kolore zuri-gorria nagusi da lurraldeko bazter guztietan, kostaldeko herri bateko balkoirik apalenetik hasi eta hiriko eraikin esanguratsuenen fatxadetaraino. Eta Athletic Clubarekiko identifikazio erakusgarri horietako bakoitzaren azpian, parte izatearen zentzu eta partekatutako ilusio berbera dago: Bizi Ametsaren ametsak errealitate bihurtzea eta Athleticek Kopako txapeldunaren garaikurra berriro altxatzea.

Ibaigane, Klubaren egoitza, eta Bizkaiko erakunde eta entitate garrantzitsuenak zuri-gorriz jantzi dira eta familia athleticzale guztiak batzen dituzten bandera zuri-gorriak jaso dituzte. Udalak, Bilbokoa buru, Foru Aldundia, Erruki-Etxea, joan den ostiralean ikastoletan eta ikastetxeetan Athleticeko kamisetaz azaldu ziren milaka haur bezalaxe jantzi dira kamisetarekin. Metro Bilbaok ere fosteritoak apaindu ditu, eta gauza bera egin dute autobusekBilbobusekoek eta Bizkaibusekoek, lehen taldekoez gain, denak unean uneko leloarekin: Bizi Ametsa.

Zirraragarriena, agian, hainbesteko ilusio partekatuaren atzean zenbat pertsona anonimo dauden ikustea da: Bilboko denda kontaezinetako erakusleihoak eta Bizkaiko milaka etxeetako eta harantzagoko begiratoki, terraza, leiho eta balkoiak. Edonora begiratzen duzula ere, edonondik zoazela ere, Athletic leku guztietan dago, jokalekuan ordezkatzen duen gizartearen nortasunaren parte izatearen frogarik onena. Herritik sortu ziñalako, maite zaitu herriak.