Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Trantsizio Energetikoaren eta Klima Ekintzaren Behatokia (OTEA) aurkezteko Jardunaldiaren irekiera instituzionalean parte hartu du gaur goizean. BC3 – Basque Centre for Climate Change bikaintasuneko ikerketa-zentroak antolatutako jardunaldia modu telematikoan burutu da, gaur goizez.
OTEA Behatokia BC3 ikerketa zentroaren ekimena da, eta tresna honen bidez, informazio fidagarria, eguneratua eta eskuratzen erraza eskaintzen dio gizarteari, trantsizio energetikoaren jarraipen zehatzagoa egiteko. BC3n garatutako metodologia eta ikerketa berriak garatzen ditu OTEAk, gizarteari informazioa ematen eta erabakiak hartzen laguntzeko. Gainera, trantsizio energetikoa gai teknologiko edo energetiko hutsa ez denez, OTEA ekonomia, gizarte eta ingurumen arloko ondorioez ere arduratzen da, trantsizio energetikoaren inguruko alderdi guztien ikuspegi zabala ematen duten hainbat adierazle barne hartzen dituelarik.
Jardunaldian, era berean, OTEA Urteko Txostena eta Behatokiak osatutako zenbait ikerketa ere aurkeztu dira. Horietan, 2020ko trantsizio energetikoaren mugarri nagusiak aztertzen dira, Covid-19ren eraginak erabat markatutako urte horri dagozkionak. Gainera, trantsizio energetikoak etorkizunean izango dituen erronkei eta aukerei buruzko eztabaida ere egin da.
Bikaintasuneko ikerketaren aldeko apustua
Jokin Bildarratz sailburuak, bere hitzetan, gaur aurkeztutako proiektuan BC3 ikerketa zentroko lan-taldeak egin duen lana eskertu nahi izan du «klima-aldaketaren esparruan bikaintasuneko ikerketari egindako ekarpen garrantzitsuagatik», bai eta lan horretan erakutsi duten konpromisoagatik eta eginahalagatik ere.
Bildarratzek gogorarazi duenez, klima-aldaketaren alorreko bikaintasuneko BC3 ikerketa-zentroa, Eusko Jaurlaritzak ikerkuntzaren alde egindako apustuaren adibide argia da, «Apustu horri esker, gure gizarteak ezagutza zientifiko zabalago eta hobearekin aurrera egiteko funtsezko erronkari hel diezaiokegu. BC3 Hezkuntza Sailaren apustu baliotsua da, gizartearen zerbitzura jartzen duguna. Gaur apustu horren emaitza ikus dezakegu ekitaldi honetara ekarri gaituen ekimenaren bidez, OTEAren bidez » azaldu du.
Alde horretatik, eta zientziaren aldeko apustua Eusko Jaurlaritzaren ildo estrategikoetako bat dela erakusteko, Hezkuntza sailburuak zenbait datu eman ditu, hala nola, gaur egun 20.000 pertsona baino gehiago ari direla Euskadin ikerketa arloan lanean, edo gure ikertzaileen argitalpen zientifikoen kopurua nabarmen handitu dela. «Horregatik uste dugu aurrekontuetako ahaleginak nabarmena izaten jarraitu behar duela. Une honetan Jaurlaritzatik 1.474 milioi euro bideratzen ditugu I+Gra, aurreko urtearekin alderatuta % 4,4 gehiago; horrek esan nahi du Euskadi dela une honetan I+G jardueretan gehien inbertitu zuen erkidegoa, BPGari dagokionez, % 1,97raino iritsiz», zehaztu du.
Lehendakariak oraintsu aurkeztu berri duen Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana ere hizpide izan du Bildarratzek. «Plan honen helburua da Euskadi berrikuntzan aurreratuen dauden Europako eskualdeen artean kokatzea, bizi-maila eta enpleguaren kalitate altuarekin. Horretarako, ikerketa, garapena eta berrikuntza bultzatzeko aurrekontuak urtero % 6 handitzen jarraituko dugu «.
BC3, Basque Centre for Climate Change
UPV/EHUk Leioan duen Zientzia Parkean kokatua, BC3 Hezkuntza Sailaren mendeko BERC izeneko (Basque Excellence Research Centre) bikaintasuneko bederatzi ikerketa-zentroetako bat da. Diziplina anitzeko ikuspegi batetik jardunez, BC3k klima-aldaketaren erronkei heltzen die, askotariko ezagutzak integratuz, natura-zientzietatik hasi eta ekonomiara arte. Funtsezkoa da diziplina aniztasun hori, klima-aldaketak edo trantsizio energetikoak behar dituzten konponbideen konplexutasuna dela eta.
Gaur egun, bikaintasuneko ikerketa-zentro horrek 77 langile ditu, horietatik 70 ikertzaileak. BC3ren ikerketa lanak Europako eta nazioarteko aitortza du, eta bertako ikertzaileen %30 talentua erakartzeko Ikerbasqueren programen bidez erakarritako nazioarteko ikertzaileak dira.
BC3-k egiten duen ikerketa-lana fororik garrantzitsuenetan erabakiak hartzen eta ezagutza zabaltzen laguntzera bideratuta dago. Horretarako, bertako ikertzaileek estuki egiten dute lan eragile ekonomiko eta sozialekin, eta, batzuetan, ezagutza testuinguru bakoitzeko eragile garrantzitsuekin batera sortzen dute. Horregatik, zentroak Eusko Jaurlaritzarako eta beste erakunde batzuetarako politika publikoak aztertzen ditu, trantsizio ekologikoaren inguruko erabakietarako.