Paul Ortegak tokiko gobernuen garapenerako lankidetzaren balioa nabarmendu du

0

Paul Ortega eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak Glasgowko Unibertsitateak antolatutako Paradiplomazia, iragana, oraina eta etorkizunari buruzko konferentzia batean parte hartu du. Ortegak euskal lankidetzaren ibilbidea azaldu du; ezaugarri moduan nabarmendu ditu genero berdintasunaren aldeko apustu sendoa eta gizarte zibilaren eta erakundeen aktiboen balioa. Gainera, azpimarratu du, solidaritate desinteresatuaren aldarria, “giza eskubideen ikuspegitik egiten dena, eta ez kanpo politikaren edo enpresen ikuspegitik”.

Era berean, Ortegak tokiko gobernuek egiten duten lankidetzaren garrantzia nabarmendu du; izan ere, “balio erantsia gizarte zibilarekiko hurbiltasuna da, eta, bereziki, GGKEekiko eta akonpainatzen ditugun lurraldeetako erakundeekiko hurbiltasuna”.

Eskoziak Gobernu britaniarrarekin bizi duen testuinguru politikoaren harira egin da konferentzia, eta, horregatik, hain zuzen ere, eLankidetzako zuzendariarekin batera aritu da Eskozia, Flandes, Katalunia eta Bavariako tokiko gobernuetako garapen lankidetzako arloetako kideekin.