Euskalmetek Aste Santua udaberri giroarekin hasi eta gerora hoztu egingo duela iragarri du

0

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak iragarri duenez, Aste Santua udaberriko giroarekin hasiko da, hego haizea nagusituko da eta tenperatura maximoak 20 ºC-tik gorakoak izango dira ostegunean. Ostiraletik aurrera, ordea, haizea aldatu egingo da eta ipar osagaia nagusituko da. Horrek tenperaturak pixkanaka jaistea eragingo du, eta euria ere ekar lezake, bereziki astelehenean, apirilak 5.

Euskalmeten arabera, tenperatura altuenak ostegunean izango dira, 20 ºC-tik gorakoak, batez ere kantauri isurialdean. Euririk egingo ez duen arren, giroa ez da eguzkitsua izango, hodeiak eta hauts esekia espero baitira. Haizea hegoaldetik ibiliko da, goizaldean zakar eta orduek aurrera egin ahala motelduz.

Ostiraletik aurrera eguraldia aldatuz joango da, eta tenperaturak behera egingo du pixkanaka, batez ere maximoek, nahiz eta egun horretan 20 ºC-ren mugatik gertu egon daitezkeen. Hortik aurrera, haizearen norabidea aldatu eta iparraldekoa nagusituko da. Tenperaturaren jaitsieraz gain, litekeena da ostiralean euri apur bat egitea. Egoera meteorologiko horrek jarraipena izan dezake larunbatera eta igandera begira, eta tenperaturak behera egingo du; maximoak 15 ºC ingurukoak izango dira, eta litekeena da zaparradaren bat izatea.

Aste Santuko egunik hotzena astelehena, apirilak 5, izango da ziurrenik. Egun horretan, baliteke tenperatura maximoak 15 ºC-ra ez iristea. Euria egiteko aukera gehien dagoen eguna da, batez ere egunaren bigarren partean.

Nolanahi ere, kontuan izan behar da laugarren egunetik aurrera egindako iragarpenei lotutako ziurgabetasunak informazio hori alda dezakeela.

Gomendatzen da pronostikoen eta abisuen eguneratzeak Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez jarraitzea edo «abisuak nahieran» zerbitzuan alta emanda. Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.