Hezkuntza Sailak 2021eko dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartu du

0
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran, Hezkuntza Sailburuaren proposamenez, Sail honen 2021 urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartu du. Dokumentu honetan Hezkuntza Sailaren lau Sailburuordetzek eta 12 Zuzendaritzek kudeatzen dituzten dirulaguntza deialdi guztiak jasotzen dira, eta laguntza hauen aplikazioarekin lortu nahi diren helburuak eta eraginak ere zehazten dira.

Izaera programatikoa duen Plan hau Hezkuntza Sailaren politika antolatzeko tresna da, dirulaguntzen bidez, gizartearen intereserako den jarduera bat sustatzea jomuga duten jardun-arloetan. Era honetan, tresna honen bidez Sailaren jardute-eremuan eraginkortasun maila areagotzea lortzeaz gain, gardentasuna sendotzea ere lortzen da.

Orotara, 121 dirulaguntza lerro ditu egun Hezkuntza Sailak, eta horien kopuru osoa 162.223.715 eurokoa da 2021 urterako. 121 deialdi horien artean nabarmentzekoak dira, besteak beste, eskolaratzeko beka eta laguntzak, unibertsitate-bekak, Lanbide Heziketako zein unibertsitateko ikasleen mugikortasuna errazteko laguntzak, ikertzaileen mugikortasuna laguntzeko deialdiak, irakasleen prestakuntzara bideratuak, ikerketa sustatzeaz arduratzen direnak, Lanbide Heziketako ikastetxeetarako ekipamendua eskuratzea helburu dutenak edo udal titulartasuneko eskoletan instalazioak egokitzeko asmoz deitzen diren dirulaguntzak.

Gobernu Kontseiluan onartu ondoren, Hezkuntza Sailaren 2021ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa Sail honen webgunean kontsultatu ahal izango da osorik.