Fruta eta barazkien etiketetan irregulartasun ugari daudela hauteman du Kontsumobidek

0

Kontsumobide – Kontsumoko Euskal Institutuak egindako ikuskapen-kanpaina batek hauteman du irregulartasun ugari daudela fruta eta barazkien etiketetan. Guztira 90 ikuskapen-jarduera egin ditu (36 Bizkaian, 30 Gipuzkoan eta 24 Araban), eta 75etan aurkitu ditu irregulartasunak.

Kontsumitzaileek jakin behar dute fruten eta barazkien etiketetan produktuaren izena, barietatea, jatorria, kalibrea (tamaina), neurri-unitateko prezioa, eta abar agertu behar direla. Eta informazio horrek argi eta garbi eta irakurtzeko moduan egon behar duela gaizki-ulerturik izan ez dadin.

Fruten % 80ek eta barazkien % 78,7k ez zuten kalibrearen aipamenik; barazkien % 69,7k eta fruten % 68,9k ez zuten adierazita kategoria; barazkien % 65,2k eta fruten % 58,90ek ez zuten jarrita jatorrizko herrialdea; eta fruten % 36k ez zuten aipatzen barietatea.

Ikus daitekeen moduan, irregulartasunak antzekoak dira frutetan eta barazkietan.  Gainera, nabarmentzekoa da informazioa gaizki kokatuta zegoela aztertutako kasuen % 25,40an, eta kasu batzuetan ezin zen irakurri eta beste batzuetan nahastu egiten zuen; % 20k ez zuten produktuaren izena ere jartzen eta %10,10ek ezta neurri-unitateko (kiloko edo unitateko) prezioa ere.

Era berean, azpimarratzekoa da bisitatu diren establezimenduetako zortzitan,% 8,88ean, ez zutela erreklamazio-orririk edo horien berri emateko nahitaezko kartelik.

Arauak ez dituztela betetzen hauteman den kasuetan, establezimenduak ohartarazi egin dira, eta zehatzeko egingo den bigarren kanpaina batean egiaztatuko da, beraz, irregulartasunak zuzendu dituzten.

Merkatuaren kontrola edo ikuskapena Kontsumobideri izendatutako eginkizunetako bat da. Helburua da kontsumitzailearen eskubideak zaintzea eta eragile ekonomikoek indarrean dagoen araudia betetzen dutela kontrolatzea.