Iñaki Williams: “Historia egiten saiatuko gara”

0

Iñaki Williamsek agerraldia egin du Lezamako prentsa aretoan, Kopako finala jokatzeko hiru egun falta direnean. “Lehiaketarik gabeko bi aste hauek atseden hartzeko, deskonektatzeko eta topera itzultzeko balio izan digute. Une ezin hobean gaudela uste dut”, esan du aurrelari zuri-gorriak.

“Finala jokatzeko gogo handia dugu, baina taldea lasai dago. Urtero ez dira hiru final jokatzen, Kopako bi jarraian, eta egunerokoaz eta entrenamendu bakoitzaz gozatzen jakin behar da. Hala egiten ari garela uste dut, eta aldagelako giroak ere ara adierazten du”, uste du Williamsek.

Realaren aurkako finalari dagokionez, “partida polita” izango dela uste du Iñakik. “Ez dago faboritorik, merituengatik gaude hor, eta kanporaketa oso handiak egin ondoren. Realak jokalari onak ditu eta oso denboraldi ona egiten ari da. Gu goranzko dinamikan iritsi gara, eta erakutsi dugu oso talde zaila garela edozein aurkarirentzat. Klub honen intsignia da inoiz ez amore ematea”.

Williamsek mezu bat helarazi nahi izan die zaleei: “Denok dakigu beraiekin batera are boteretsuagoak garela, baina aurrez aurre ez badaude ere, gurekin sentituko ditugu. Historia egiteko aukera dugu, eta hori egiten saiatuko gara, athleticzale guztion historia”.