Lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekari elkarrizketa egin diote Radio Popular – Herri Irratiako “Egun on Bizkaia” saioan eta Bizkaia Irratiko “Goizeko Izarretan” saioan. Bertan, gaurkotasun politiko, sozial eta instituzionaleko gai nagusiak errepasatu ditu.
Eskainitako elkarrizketetan, Errege Kopako finalari buruz galdetu diotenean, Josu Erkoreka lehendakariordeak esan du partidaren egunerako segurtasun operatiboak prestatzen ari direla, baina mezua argia dela azpimarratu du: «Kopa hau etxean geratzen da». Ildo horretan, ospakizunak «buruarekin» egiteko deia egin du, arauak betez.
Hala, gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak ekimen bat sustatu duela, Athleticekin eta Realarekin elkarlanean, herritar guztiak kontzientziatzeko, batez ere zaleak, datorren larunbateko partida bihotzarekin bizi dadin, baina buruarekin joka dadin, «Kopa hau etxean geratzen baita». Hala, leloak esanahi bikoitza duela eta biztanleriak pilaketak saihestea bilatzen duela argitu du.
Bestalde, Segurtasun sailburuak azpimarratu du Ertzaintzak eta udaltzaingoek osasun araudia betetzen dela kontrolatzeko lan egingo dutela, batez ere Aste Santuko jaiegunetan. Josu Erkorekak azaldu duenez, oro har, herritarrek euskal araudia eta poliziaren lana errespetatzen dute, baina badira arauak betetzeari uko egiten dioten eta polizia modu egokian hartzen ez duten pertsonak. Kasu horietan, arau-hauste bat dagoenean, poliziek salaketak jartzen dituztela eta Gobernuak isunak tramitatzen dituela azaldu du Segurtasun sailburuak. «Zigor kopurua biderkatu egin da, eta horrek sistemak berritzera behartu gaitu, baina egunero ehunka isun bideratzen ditugu eta iristen ari dira», gaineratu du.
Euskadiko polizia ereduari buruz galdetuta, Segurtasun sailburuak azpimarratu du Legebiltzarreko taldeek «argiarekin eta takigrafoekin» aztertu eta eztabaidatu dutela polizia eredua Eusko Legebiltzarrean. «Polizia aurreratuenen eredu propioa dugu», adierazi du. Gainera, gaineratu du poliziaren lan gehiena asistentziala dela, herritarren segurtasuna bermatuz eta arriskuan dauden pertsonak erreskatatuz.