Sagardui kezkatuta agertu da datuen goranzko joerarekin, eta birusa geldiarazteko neurriak betetzeko eskatu die herritarrei
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak agerraldia egin du gaur eguerdian Eusko Legebiltzarrean, pandemiak Euskadin izan duen bilakaeraren berri emateko. Jarraipen datuak eman ditu eta goranzko joerarekin kezkatuta agertu da. Bestalde, txertaketaren esparruan, Osakidetzak BEC txertaketa-gunea izango duela jakinarazi du.
Atzo jakitera eman zuten Bilboko La Casillan txertaketa hasi zela eta Gasteizko Lakua pilotalekua beste puntu bat dela dosi gehiagoren etorrerari erantzuteko. Aukerak aztertu ondoren, sailburuak iragarri du BECen aurki hasiko direla txertoak jartzen Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta, Barakaldo Sestao eta Uribe erakunde integratuak biltzen dituzten eskualdeetako biztanleei. Eskualde horietako 65 urtetik beherakoei hitzordua emango zaie BECen txertoa jartzeko.
Aukera asko dituen instalazioa da, garraio publiko eta ibilgailu indibidual bidezko sarbidea du eta erantzun azkarra eta eraginkorra emango du. Sailburuak gogorarazi du txertaketa-erritmoa dosiak eskuragarri egotearen mende dagoela, baina, kalkuluen arabera, Osakidetzak egunean 5.000 txerto emateko gaitasuna du BECen.