Indarkeriaren biktima diren emakumeei independizatzen laguntzeko laguntza inoiz baino emakume gehiagok jaso zuten 2020an

0

Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako ‘ordainketa bakarreko’ laguntza, iaz, 236 emakumek jaso zuten. 2019an baino 42 gehiagok jaso zuten laguntza; 2008an laguntza hau abian jarri zenetik erregistratu den kopuru handiena da. Ordainketa ekonomiko horren helburua da emakume horiei haien erasotzailearengandik independizatzen eta harengandik independente direla beste bizitza berri bati ekiten laguntzea.  Lurraldeen arabera honela banatu zen laguntza: 121 emakume Bizkaian, 67 Gipuzkoan eta 48 Araban; guztira, 236.

2020an, pandemiaren testuinguruak ere eragina izan zuen bizi zuten egoera utzi nahi izan zuten emakumen biktimengan. Gainera, ezin izan ziren pertsonalki aurkeztu zenbait dokumentu; beraz, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak malgutu egin zuen laguntza ekonomiko horietara jotzeko aukera eta, horretarako, eskabideak posta elektronikoz bidaltzeko aukera gaitu zuen. Hori guztia gorabehera, emakumeen 320 eskabide egon ziren, eta, horiez gainera, iaz ebatzi ziren 2019ko beste 70 eskabide. 390 eskabide horietatik 236 onartu ziren; 12ren kasuan atzera egin zen; 78ri uko egin zitzaien, eta 64 aurtengo urterako ebazteko geratu ziren.

Kopuru horiek sekula izan diren handienak dira. 2019an, 194 laguntza banatu ziren, guztira; beraz, 42 kasu gehiago egon dira. Historikoari begiratzen badiogu, ‘ordainketa bakar’ hori 2008an ezarri zen lehen aldiz, eta, urte hartan, 18 emakume onuradun izan ziren. 12 urte horietan, hazkundea esponentziala izan da. 2011n, lehen aldiz izan ziren ehun emakume baino gehiago, eta urtero eta harrezkero ez da kopuru hori baino txikiagorik egon.

Laguntza hori behar duten eta eskakizunak betetzen dituzten emakume guztiek jaso ahalko dute; izan ere, horretara bideratzen den partida handitu egin daiteke, eta horrek esan nahi du, agortuz gero, areagotu ahalko dela.

2020an, aurreko urteetan onartutako aurrekontua labur gera zitekeela kalkulatu zen eta, beraz, 1,3 milioi eurora arte handitu zen. Azkenik, Eusko Jaurlaritzak, guztira, 1.299.509 euro bideratu zituen, iaz, laguntza horiek ordaintzera, ia guztia. Aurtengo urterako, Berdintasun Sailak 1,3 milioi euroko beste partida bat du prest, atzo onartua izan dena Gobernu Kontseiluan.