Bilboko Udaltzaingoak kanpaina bat abiarazi du uriko bideetan ibilgailuek jendea harrapatzea eragozteko

0

Gaur eta datorren domekara arte (apirilak 11), Bilboko Udaltzaingoak prebentzio-kanpaina berariazko bat gauzatuko du Ibilgailuek uriko bideetan oinezkoak harrapatzea eragozteko. Ekimen hau Euskadiko Bide Segurtasun eta Mugikortasun Seguruaren Plan Estrategikoaren barruan dator.

Bide-segurtasuna denon erantzukizuna da, hala oinezkoena nola gidariena, biak dira-eta errepideko segurtasunaren eragile aktibo. Herritarrei helarazi nahi zaie mezu hori, eta ohartarazi nahi zaie batzuen zein besteen jokabide zuhurgabeak dakartzan arriskuez; horixe da kanpaina honen xede nagusia.

Udaltzainek era bateko eta besteko kontrolak egingo dituzte, ala goizean, ala arratsaldean, urian han eta hemen, oinezkoen pasagune batzuetan eta besteetan edo ibilgailuen zirkulazio handiko leku batzuetan eta besteetan, esate baterako, bizikleten zirkulazio handiko guneetan. Izan ere, oinezkoek nahiz gidariek zirkulazio-araudia betetzen dutela zainduko da. Eta, esan dugu moduan, ez bakarrik automobilen zirkulazioa, baita gure galtzadetan ibili ohi diren gainerako ibilgailu guztiak ere, hala nola ziklomotorrak, bizikletak edo are patineteak ere.

2020a, badakigu, egoera sanitarioaren eragin pean egon da, eta Bide Segurtasun eta Mugikortasun Seguruaren Plan Estrategikoaren inguruko kanpainei ere eragin die: iaz, antzeko kanpaina bat egin zen, eta 27 kontrol gauzatu ziren urian. Zainketa eta kontrol horren ondorioz, lau salaketa egin ziren (bi, oinezkoei eta beste bi, gidariei), eta baita ere 153 ohartarazpen oinezkoei, uriko bideetan zenbait jokabidek zekarten arriskuaz.