Pasaiako Gran Kanto inguruan oinez zebilen eta ondoeza izan duen gizon bat erreskatatu dute

0

Eguerdiko hamabiak aldera, SOS-Deiak/112 larrialdietako zerbitzuan dei bat jaso dute Pasaian, Jaizkibel mendiaren magaletako batean, Gran Kanto inguruan, oinez zebilen gizon batek ondoeza izan duela eta osasun-laguntza behar duela esanez.

Abisuari erantzunez, SOS-Deiak/112 zerbitzuak Eusko Jaurlaritzako larrialdiei aurre egiteko teknikari bati eman dio gertakariaren berri, eta honek, gizonaren egoera eta adierazitako lekura iristeko zeuden zailtasunak kontuan hartuta, Ertzaintzaren helikoptero bat eta mendiko taldea bidali ditu bertara, bai eta Foru Aldundiko suhiltzaileen dotazio bat ere lurretik iristen saia zedin.

Helikopteroak ondoeza izan duen pertsona, 64 urteko Astigarragako bizilaguna, aurkitu duenean, mendiko taldeko agenteak iritsi dira gizona zegoen lekura, eta helikopteroak jasotzeko egokitu dute. Aireontziak Foru Aldundiko suhiltzaileen Donostiako basera eraman du gizona, eta bertatik Osakidetzaren anbulantzia batek eraman du Donostia Ospitalera.