Osakidetzaren Iralako osasun-zentro berriak 12.600 herritarren osasun-arreta hobetuko du

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak, gaur, Iralako osasun-zentro berria bisitatu du, Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuarekin, Bilboko Alkate Juan María Aburtorekin eta Rosa Pérez Osakidetzako Zuzendari Nagusiarekin.

Lan-bilera bat izan eta instalazio berriak bisitatu ondoren, Lehendakariak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak Iralako osasun-zentro berria ireki izanak erakusten duela eremuko herritarrentzako osasun-laguntza hobetzen jarraitzen duela Jaurlaritzak, eta, aldi berean, Lehen Mailako Arreta sendotzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du, osasun-sistemara sartzeko ate den aldetik.

Osasun-zentro berria Harino Panaderaren lehengo eraikinean eraiki da; eraikin horren zati bat Bilboko Udalak laga dio Osakidetzari. Osasun-zentro berriak 1.226,5 m2-ko azalera du, lau solairutan banatuta.

Bombero Etxanizeko osasun-zentroak eta Iralako osasun-zentroak Lehen Mailako Arretako Unitate bakarra eratuko dute, eta Bombero-Irala Lehen Mailako Arretako Unitate izena hartuko du. Osasun-zentro berriak 08:00etatik 15:00etara emango du zerbitzua Irala auzoko 12.600 herritarrei. Familiako eta komunitateko 9 medikuk, 9 erizainek, emagin 1ek, erizaintzako zaintza osagarrien teknikari 1ek, 5 administrari laguntzailek eta 2 zeladorek emango dute arreta. Eremu horretako pediatriaren arreta Bombero Etxaniz osasun-zentroan emango da.

Lehendakariaren hitzetan: “Euskadin osasun-azpiegitura berria irekitzen den bakoitzean, aurrerapausoa ematen da osasun-zerbitzuak auzo, herri eta hiri bakoitzera gero eta gehiago hurbiltzeko dugun helburuan. Herritar guztiek osasun-sistema publikora jotzeko aukera bidezkoa izatea Eusko Jaurlaritzarentzat lehentasunezkoa da”.

Espazio modernoa eta funtzionala izateaz gainera, zentro berri horrek dakarren hobekuntza nagusietako bat hartara sartzeko irisgarritasuna da, bai mugikortasun murriztua duten pertsonentzat bai ohatilentzat eta pazienteak zentrotik ateratzeko.