Osakidetzaren Iralako osasun-zentro berriak Bilboko 12.600 herritar baino gehiagoren osasun-arreta hobetuko du

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak, gaur, Iralako osasun-zentro berria bisitatu du, Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuarekin, Rosa Pérez Osakidetzako Zuzendari Nagusiarekin eta Juan Mª Aburto Bilboko alkatearekin batera.

Lan-bilera bat izan eta instalazio berriak bisitatu ondoren, Lehendakariak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak Iralako osasun-zentro berria ireki izanak erakusten duela eremuko herritarrentzako osasun-laguntza hobetzen jarraitzen duela Jaurlaritzak, eta, aldi berean, Lehen Mailako Arreta sendotzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du, osasun-sistemara sartzeko ate den aldetik.

Osasun-zentro berria Harino Panaderaren lehengo eraikinean eraiki da; eraikin horren zati bat Bilboko Udalak laga dio Osakidetzari. Osasun-zentro berriak 1.226,5 m2-ko azalera du, lau solairutan banatuta.

Bombero Etxanizeko osasun-zentroak eta Iralako osasun-zentroak Lehen Mailako Arretako Unitate (LMAU) bakarra eratuko dute, eta Bombero-Irala Lehen Mailako Arretako Unitate izena hartuko du. Osasun-zentro berriak 08:00etatik 15:00etara emango du zerbitzua, eta familiako eta komunitateko 9 medikuk, 9 erizainek, emagin 1ek, erizaintzako zaintza osagarrien teknikari 1ek, 5 administrari laguntzailek eta 2 zeladorek emango dute arreta.  Eremu horretako pediatriaren arreta Bombero Etxaniz osasun-zentroan emango da.

Eusko Jaurlaritzako Lehendakariaren hitzetan, “Euskadin osasun-azpiegitura berria irekitzen den bakoitzean, aurrerapausoa ematen da osasun-zerbitzuak auzo, herri eta hiri bakoitzera gero eta gehiago hurbiltzeko dugun helburuan. Herritar guztiek osasun-sistema publikora jotzeko aukera bidezkoa izatea Eusko Jaurlaritzarentzat lehentasunezkoa da”.

Espazio modernoa eta funtzionala izateaz gainera, zentro berri horrek dakarren hobekuntza nagusietako bat hartara sartzeko irisgarritasuna da, bai mugikortasun murriztua duten pertsonentzat bai ohatilentzat eta pazienteak zentrotik ateratzeko.

Osasun-zentro berriak, urtean, batez beste, honako hauek egingo dituela aurreikusten da:

  • Medikuntza Orokorreko 33.340 kontsulta presentzial.
  • Erizaintzako 14.088 kontsulta presentzial.
  • Erizaintzako 10.413 prozedura.
  • 10.279 ateratze.

Osasun-zentro hori Bilbao Basurto ESIko osasun-zentroen sarearen barruan dago: ospitale 1, 25 osasun-zentro, anbulatorio 1, Urbi-Basauri espetxea eta 4 EAG (Deustu, Errekalde, Indautxu-Areilza eta Begoña).

Iñigo Urkullu Lehendakariak honako hau nabarmendu du: “Lehen Mailako Arreta sendotzea pertsonen osasun integralaren aldeko apustua egitea eta etorkizuneko beharrei aurrea hartzea da”. Lehendakariak gogorarazi du “osasuna bermatzea” legegintzaldi honetarako Gobernu Programaren oinarri diren hiru printzipioetako bat dela, eta Lehen Mailako Arreta sendotzea ere Osasun Sailaren Esparru Estrategikoan presente dagoela. Gaur bisitatu duen osasun-zentro berria abian jarri izana Eusko Jaurlaritzak laguntza-maila hori sendotzeko duen konpromisoaren adibide argia eta zintzoa da; laguntza-maila horretara 21 milioi euro bideratuko dira, aurten instalazioak eta ekipamenduak modernizatzeko inbertsioetarako.

Azkenik, Iñigo Urkullu Lehendakariak Osakidetzako profesionalen lana goraipatu du; izan ere, egunero, haien lanari esker, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua eraginkorragoa, hurbilagoa eta irisgarriagoa da.

Solairuen banaketa

Beheko solairua (529 m2)

Administrazio-arloa

Sendaketa-gela

Proba funtzionalen gela

Ateratze-gela

Mediku-kontsultetarako 5 bulego

Erizaintzako kontsultetarako 5 bulego

Biltegia

2 itxaron-eremu

2 komun

  1. solairua (535,5 m2)

Esku-hartze komunitariorako gela

Emaginaren kontsulta

Mediku-kontsultetarako 7 bulego

Erizaintzako kontsultetarako 7 bulego

Hondakinen gela

Lehen Mailako Arretako Unitateko buruaren bulegoa

Erizaintzako arduradunaren bulegoa

Bilera-gela

2 itxaron-eremu

2 komun

  1. solairua (82,5 m2)

Egongela

Prestakuntza-gela

  1. solairua (79,5 m2)

Aldagelak

 

 

Bilbo, 2021eko Apirilaren 6an