Ostegun honetan, 19:00etan, Itziar Perez de Cirizak Imanol Urbieta bekarekin aurrera eraman duen lanaren aurkezpena egingo du jendaurrean Modelo Aretoan. Honez gain, Jaione Eskudero Zarautz Abesbatzaren zuzendaria ere bertan izango da Imanol Urbietaren kanta batzuk abesteko.
Beka honen helburua musikari eta idazle zarauztarraren materiala katalogatzea eta ikertzea da. Perez de Cirizaren lehendabiziko zeregina, Kontxi Aizarnak Zarautzko Udalari emandako 39 koaderno inbentariatzea izan zen, kanten eta koadernoen izenburuak eta zenbakiak, iturria, egilea, sailkapen kodea eta formatua, originala edo kopia, eskuz idatzia edo digitalak ziren kontutan hartu zelarik. 1901 kanta agertu ziren, gehienak originalak, ahots bakarrerako eta eskuz idatzita zeudenak. Ondoren, partitura guztiak digitalizatu eta idazkeragatik ulertzeko zailak ziren 121 kanten transkripzioa eta MIDIa egin zen.
Hurrengo lana, kanta guzti hauek argitaragabeak zirela edo jada argitaratuta zeudela jakiteko, Imanol Urbietak bere bizitzan zehar argitaratutako 325 liburu, binilo, disko, kasete eta VHS lortu, eta bertan zeuden 2.262 kanten bigarren inbentario bat egin zen. Bi zerrendak alderatu ondoren, Zarautzko Udalak daukan materialaren artean argitaragabeko 1.165 abesti daudela egiaztatu ahal izan zen. Azkenik, kanta berri horien sailkapen sistematiko eta pedagogikoa egin zen, filtroen sistema eta gako-hitzen bitartez, edozeinek abesti bat bilatu ahal izateko.
“Imanol Urbieta etengabe aritu zen herriari abestiak oparitzen, horietako asko, Euskal Herriko haur gehienen haurtzaroko soinu banda bihurtu direlarik. Nork ez ditu kantatu Ranroberran, Alaken edo Behin betiko bezalako kantak?” azaldu du Itziar Perez de Cirizak. “Orain gure esku dago bere ondarea gordetzea, transmititzea eta merezi duen balioa ematea, belaunaldi berriek abesti horietaz guk bezainbeste gozatu ahal izateko. Hori bihurtu da Zarautzko Udalaren helburu eta beka honen bitartez lan horri hasiera eman nahi izan diote”.