2021-2022 ikasturterako Batxilergoan aurrematrikula egiteko epea irekitzera doa

0

Izen emateak apirilaren 12tik 23ra egin ahal izango dira, on line edo ikastetxeetan

Hezkuntza Sailak datorren astelehenean, apirilaren 12an irekiko du 2021-2022 ikasturterako Batxilergoan eskabideak aurkezteko epea, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko nahiz itunpekoetan. Izena emateko bi bide izango dira, ohi bezala: ikastetxeetan bertan edo online, Hezkuntza Sailaren webgunearen bidez: www.euskadi.eus/hezkuntza.

2021-2022 ikasturtean Batxilergoa ikasteko aukera eskaintzen duten 207 ikastetxe publiko nahiz itunpeko izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan, ondorengo hiru modalitate hauetako bat ikasteko: Zientziak; Giza eta Gizarte Zientziak; edo Artea. 2020-2021 ikasturte honetan 31.724 ikasle ari dira Batxilergoa ikasten Euskadin, aipaturiko modalitate horietakoren batean.

Kontuan hartu beharreko egutegia:

  • Apirilaren 12tik 23ra: eskaerak aurkezteko epea
  • Maiatzak 13: onartuen eta ez onartuen behin-behineko zerrendak argitaratuko dira
  • Maiatzaren 20ra arte: behin-behineko zerrendei erreklamazioak egiteko epea
  • Maiatzak 27: onartuen eta ez onartuen behin betiko zerrendak argitaratzea.
  • Ekainaren 21etik uztailaren 6ra: matrikula egiteko epea.

Batxilergoko onarpen eta matrikulazio prozesuaz informazio gehiago nahi izanez gero, jo Hezkuntza Sailaren webgunera.