Errepide bidezko bidaiek Euskadin 2,8 milioi CO2 baliokide isurtzen dute urtean

0

Euskadin garraioaren erabilerak lokomozioko eta errepideak eta ibilgailuak eurak mantentzeko gastuen kostua izateaz gainera, eragin zuzena du osasunean, ongizatean eta ekonomian, eta eragin hori kuantifikatu egin daiteke. Hori da, besteak beste, 2019ko datuetan oinarrituta eginiko ‘Garraioaren kanpoko kostuen eguneratzea EAEn’ txostenean jaso dena. Analisi horrek Euskadiko garraio-sistemaren alboko ondorioen kostuak identifikatzeko eta sistema jasangarriagoa lortzeko politikak garatzeko balio du. Guztira, 2.659 milioi euro dira, 1.214 euro biztanleko Euskadin; kopuru horren barruan daude Euskadiko errepideetatik dabiltzan ibilgailuek atmosferara urtero isurtzen duten 2,8 milioi CO2 baliokideak.

Kanpoko kostuak dira Euskadik duen garraio-sistemagatik bere gain hartzen dituenak; izan ere, ez dituzte garraioaren erabiltzaileak eta administrazioek ordaintzen. Hor sartzen dira airearen kutsadura, klima-aldaketa, trafiko-istripuak eta zarata, besteak beste, kontuan hartuta autonomia-erkidegoko errepideko ibilbideak eta hiru aireportuetako eta bi portuetako jarduera. Horretarako, honako hauek hartzen dira kontuan: kostu medikoak eta administrazioarenak edo ekoizpenaren galerak, istripuen kasuan; osasuneko kalteak edo uztaren galera airearen kutsaduraren kostuak kalkulatzeko orduan; berotze globala 2030erako 1,5-2 gradutara mugatzeko kostua, eta lurzoruaren balioaren murrizketa eta osasunean eragiten diren kalteak zarataren kasuan.

Istripuak, klima-aldaketa, auto-ilarak eta airearen kutsadura
Euskadin, lau nagusienak, inpaktu gehien duenetik gutxien duenera, honako hauek dira: istripuak, klima-aldaketa, auto-ilarak eta airearen kutsadura. Errepide bidezko garraioa kanpo-kostu gehien eragiten duena da –trenbidearen, hegazkintzaren eta itsas garraioaren oso aurretik–, eta ibilgailu bidezko joan-etorria intzidentzia handiena duena. Lurreko garraioak 761 euro eragiten ditu biztanleko; zifra hori, hala ere, Espainiako batez bestekoaren oso azpitik dago, zeina 1.375 eurokoa baita biztanleko –Europako batez bestekoa, 1.632 euro biztanleko–.

Kanpo-kostuetatik, errepide bidezko garraioarena da istripuetan, klima-aldaketan eta auto-ilaretan intzidentzia handiena duena. Itsas garraioarenak intzidentzia handiagoa du airearen kutsaduran. Hegazkintzak klima-aldaketan du eragin gehien, baina errepideak eta itsasoak baino gutxiago. Txostenak dakar istripuen kasuan biktimen % 60 ibilgailuek eragiten dituztela, eta kanpo-kostua 369,6 milioikoa izan dela 2019an; bizikletak biktimen % 10ekin daude lotuta.

Airearen kutsadurarenean, lurreko garraioak osasunean eragiten dituen kostuak eta atmosferaren kalitatean duen eragina 185 milioi eurokoak direla kalkulatzen da (kopuru osoaren % 70 autoetatik datoz), inpaktua uztetan 4 milioikoa dela eta, itsaso bidezko garraioaren kasuan, itsas trafikoak 534 milioiko eragina duela, galdutako bizitzako urteak, ospitalizazioak, aldi baterako ezgaitasuneko egunak, medikazioaren erosketa eta abar kontuan hartuta. Zaratak 14,9 milioi euroko kostua dakar autoek eraginda, 7,4 milioikoa motorren kasuan eta 1,8 milioikoa trenbidearen kasuan eta 2,2 milioikoa hegazkintzaren kasuan.

Kanpo-kostu gutxiago errepide bidezko istripuengatik
Mota horretako aurreko azterlanaren –2006an egin zen– aldean dagoen desberdintasun nagusia errepide bidezko istripuen ondoriozko kanpo-kostuen murrizketa da, segurtasun-neurriak areagotu egin direlako, araudi berriak ezarri direlako –hala nola puntu bidezko txartelari buruzkoa– edo azpiegiturak hobetu direlako. Halaber, airearen kutsaduragatiko kostuak, zaratagatiko kostuak eta auto-ilarengatiko kostuak murriztu dira, batik bat turismoek eragindakoak.

Klima-aldaketarekin zerikusia duten kostuek, berriz, ez dute aldaketa handirik izan, eta 2,8 milioi CO2 baliokide isurtzen dira, zenbait modutan. Lurrekoen erdia baino gehiago, haietatik 1,6 milioi (% 57) autoetatik datoz –159 milioi euro guztizko kostuetan, eta salgaien itsas garraioak baino ez du gainditzen kopuru hori, 186 milioi–, 713.000 kamioietatik –71 milioi euro guztizko kostuetan– eta trenbideak oso intzidentzia txikia du, trakzio elektrikoaren ondorioz.