Esleitu da Azpeitian Arana eta Aranagoikoa arteko irisgarritasuna hobetuko duen igogailuaren obra

0
Arana eta Aranagaoikoa lotuko dituen igogailua egiteko tramitazioa bukatu da, eta epe motzean hasiko dira obrak. Obra horren bidez  «auzotarren irisgarritasuna eta bizi kalitatea hobetzea» dela helburua azpimarratu du Josu Labaka Hirigintza Batzordeburuak.

Arana eta Aranagoikoa arteko irisgarritasuna hobetuz herritarren bizi kalitatea hobetu asmoz egin zuen igogailuaren proiektua Azpeitiko Udalak. Iazko udazkenean aurkeztu zitzaien auzotarrei proiektua eta haien oniritzia jaso ostean leihaketa publikoa abiatu zuen urte hasieran udalak.

Esleitu da kontratua eta aurkeztutako bost eskaintzen artean Construcciones Moyua SL enpresak egingo ditu obrak, eskaintzak kalitate-prezio erlaziorik onena duela ondorioztatu duelako udaleko kontratazio mahaiak.

Proiektuaren aurrekontua 416.489,87€koa izango da eta zortzi hilabeteko epea izango du enpresak obrak egiteko.

«Inguru horren irisgarritasuna nabarmen hobetuko da igogailuarekin. Malda handiko gunea da eta igogailuak auzotarren bizi kalitatean eragingo duela uste dugu», zehaztu du Labakak. Igogaiuarekin batera, gainera, anbulatorio atzeko zubia ere irisgarriago egiteko lanak egiten ari dira.  «Zubiaren alde bat irisgarriago egiteko lanak eginda ditugu, eta nabarmena da aldea. Aurten bigarren fasea egingo dugu», gaineratu du.

Proiektuaren xehetasunak
Igogailua Aranagoikoako maldaren hasieran kokatuko litzateke eta bi solairu izango ditu. Bigarren solairuan, pasarela baten bidez auzoaren goikalderako pasoa egingo da. Ondoren, azken etxeetarako pasoa egokituko da, irisgarri izateko.