Osakidetzak 80 urtetik gorako pertsonen txertaketarekin amaituko du asteburu honetan

0

Erabilgarri geratzen diren txertoak kontuan hartuta, asteburu honetan 70 eta 79 urte bitartekoei ere hasiko zaie hitzordua ematen, web bidez

Osakidetzak, asteburu honetan bertan, 80 urtetik gorakoen txertaketarekin amaitzea aurreikusten du. Asteon Pfizer-en 70.000 dosi baino gehiago heldu izanak aukera eman du hitzorduen prozesua bizkortzeko eta, hala, oraindik lehen dosia hartu ez duten kolektibo horretako pertsonek gaur, bihar eta igandea bitartean hartuko dute txertoa, hurbilen duten txertaketa-puntuan. Txertoa etxean hartu behar duten laurogei urtetik gorako pertsona batzuk baino ez dira geratuko dosia hartzeko; kasu horietan, txertaketa datorren astean amaituko da.

80 urtetik gorako gainerakoek txertoa igandea baino lehen hartuko dute. Osakidetza telefonoz ari da haiekin banan-banan harremanetan jartzen, hitzordua emateko. Asteburu hau igaro eta Osakidetzak kolektibo horretako pertsonaren batekin harremanetan jartzea lortu ez badu eta pertsona horrek txertoa jarri nahi badu, astelehenetik aurrera dagokion osasun-zentrora deitu ahalko du, eta Txertaketaren 1. aukera sakatu; hitzordua emango diote bertan.

Gainera, Osakidetza beste bi kolektiboren txertaketarekin hasiko da:

 

  • Arrisku handiko kolektiboak: larunbata eta igandea bitartean, peritoneo-dialisian dauden edo transplantea izan duten pertsona guztiei emango zaie txertoa, adina gorabehera. Hemodialisian dauden pertsonei Osakidetzako hemodialisi-unitatean jarriko zaie txertoa, datorren astetik aurrera.

 

  • 70 eta 79 urte bitartekoak. Lehentasuna 80 urtetik gorakoen txertaketarekin amaitzea izango da, baina, erabilgarri geratzen diren txertoen arabera, asteburu honetan 70 eta 79 urte bitartekoei ere hasiko zaie hitzordua ematen, eta nagusienekin hasiko da (1942an eta 1943an jaiotakoak).

 NOLA EMANGO ZAIE BI KOLEKTIBO HORIEI HITZORDUA?

 Hitzordua honela emango zaie:

  • Osakidetzak SMSa bidaliko die eta, hartan, web bidezko hitzorduaren zerbitzura sartzeko esteka izango dute.OTI txartelaren zenbakia, lehen abizena eta jaiotza-data sartu beharko dituzte, eta txertoa jartzeko egun eta orduak eskainiko zaizkie, zuzenean.

 

  • Adi! Baliteke SMSa beste partikular baten telefonora iristea, hori delako Osakidetzarekin beste kontu batzuetan erabiltzen duten ohiko kontaktua. Errakuntzarik egon ez dadin, testu-mezuan mezuaren hartzaile den pertsonaren jaiotza-data eta generoa zehaztuko dira.

  • Baliteke pertsona batzuekin telefonoz harremanetan jartzea, agendetan hutsuneak bete behar badira.

  • Web bidezko hitzordua zabalik egongo da, betiere txertoak badaude erabilgarri. Txertoak agortzen direnean, mesedez, ez deitu osasun-zentrora edo Osasun Kontseilura; komunikazio-lineek osasunarekin zerikusia duten beste behar batzuetarako egon behar dute erabilgarri. Osakidetzak behar bezala jakinaraziko du noiz jarriko den txertaketa berriro martxan, dosiak erabilgarri dauden unean.