Barneko trafiko-fluxuekin eta hildakorik gabe amaitu du Aste Santua Euskadik

0
PRUEBA

Aste Santuan batez ere barneko trafiko-fluxuak izan dira, pandemiaren ondorioz Euskaditik irteteko murrizketak direla-eta, eta Euskadiko errepide-sarean ez da hildakorik izan bigarren urtez jarraian. 2020an osasun-krisiari aurre egiteko agindutako konfinamenduaren ondorioz behea jo zuten joan-etorriek, eta istripu gutxiago gertatu ziren eta ez zen hildakorik izan. Horrekin berreskuratu egin zen 2013an Euskadiko errepideetan hildakorik gabe hasi zen joera, 2019an eten zena, urte horretan bi pertsona hil baitziren Araban.

BIKTIMAK, HORIETATIK 6 LARRIAK, ERAGIN DITUZTEN 45 ISTRIPU

Aurten, martxoaren 31tik apirilaren 5era bitartean, hildakoak eragin dituzten 45 istripu gertatu dira, eta 6 zauritu larri izan dira. 2019an baino 13 istripu gehiago dira eta 2020an baino 40 gehiago (urte guztiz atipikoa pandemiaren ondorioz), eta 2018an baino 10 gehiago. Laburbilduta, istripuen kopuruak gora egin duen arren, horien ondorioak ez dira hain larriak izan. 2019an bi pertsona hil ziren eta beste 7 larri zauritu ziren.

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak balantze positiboa egin du:  “Pandemian bizi izan dugun bigarren Aste Santua izan da hau, eta, zorionez, hildakorik gabe amaitu da, nahiz eta 6 zauritu larri izan diren gure kale eta errepideetan. Eusko Jaurlaritzaren apustua Zero Biktima Ikuspenarekin istripuen tasa murrizteko lanean jarraitzea da, 2021-2025 Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoan jasota dagoen bezala”.

BEHERA EGIN DU JOAN-ETORRIEN KOPURUAK

Euskaditik irtetea eta Euskadin sartzea debekatuta egon denez, ez da irteera-operazioan eta itzulera-operazioan izan ohi den joan-etorri masiborik izan. Aste Santu honetan bidaia laburrak egin dira, batez ere Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba barnealdetik itsasertzera eta alderantziz. Fluxurik handienak Bilbo, Donostia eta Gasteizerako sarbideetan erregistratu dira, baina ez da pilaketa aipagarririk izan.

Martxoaren 31tik apirilaren 5era bitartean 1.045.691 joan-etorri erregistratu dira Euskadiko hiriburuetako sarbideetan. Horrek esan nahi du 2019ko garai berean baino % 18 gutxiago izan direla. Jaitsiera batez ere Donostiarako sarbideetan nabaritu da (2019an baino % 24 gutxiago), eta gutxiago Bilbon (-% 15) eta Gasteizen (-% 8).

Biriatuko mugan 75.928 joan-etorri zenbatu dira (2019an baino % 65 gutxiago), eta ibilbide luzeko trafikoan, lurralde batetik besterakoan, 326.854 (2019an baino % 43 gutxiago).