Ertzaintzak eta udaltzaingoek furgonetetako pisua kontrolatzeko eta zaintzeko jarduerak indartuko dituzte

0

Gaurtik hasita igandera bitartean furgonetetako pisua kontrolatzeko eta zaintzeko jarduerak areagotuko dira, eta kontrol-puntuak jarriko dira ezbehar-tasa handieneko lekuetan eta merkataritza-zentroen, industrialdeen eta zamalanetako lekuen inguruan.

Ibilgailu horiek auto konbentzional batek baino bi edo hiru aldiz gehiago pisatzen dute, eta horrek eragina du horiek gidatzeko moduan. Hain zuzen ere, horregatik du bakoitzak gehieneko masa baimendua, eta ezin da gainditu. Era berean, zama behar bezala kokatu behar da ibilgailu barruan, frenatzean edo bihurgunea hartzean zuzen erantzun dezan. Alderdi horrek berebiziko garrantzia du istripu bat gertatzen denean ere, bai istripua eragiten duenarentzat bai inplikatutako gainerako ibilgailuetako bidaiarientzat.

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak gogoratu duenez, “furgonetak gidatzeak berezitasun batzuk ditu, eta behar bezalako arreta eskaini behar zaie. Ikuspena ezberdina da, altuerak baldintzatu egiten du tuneletako eta lurpeko bideetako pasabidea eta haizeak albotik jotzen duenean ezegonkorragoak dira. Hori guztia dela-eta, garrantzitsua da ibilgailu horiei arreta berezia eskaintzea, euren ezaugarriak kontuan hartuta ezberdinak baitira gidatzerako orduan, bai eta istripugarritasunari dagokionez ere”.