Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu eta Euskal Trenbide Sarearen presidente Iñaki Arriola Ima Garrastatxu Durangoko alkatearekin bildu da astelehen honetan, Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzan, herriko igarobidean trena lurperatzearen ondorioz askatu den espaziorako erabilerak aztertzeko. Bilera amaitzean, Arriola sailburuak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak “ahalik eta adostasun handiena” lortu nahi duela “hartutako konpromisoak bete daitezen”, Durango Operazioaren barruan adostutako baldintzen barruan. Hain zuzen, operazio horren bidez ezarri zen udalerriak beraren finantzaketaren zati bati aurre egingo ziola tren-lubakia kendu ondoren askatutako lurretan sortutako gainbalioen bidez.
Horren harira, Iñaki Arriolak alkateari eskatu dio Udalak gauzak zehaztu eta aurrerapenak egin ditzala hartutako konpromisoak betetzeko, martxoan egindako herri-kontsultaren bidez behin herritarrei entzun ondoren. Eta prest agertu da beharrezkoak diren elkarlanerako foroetan parte hartzeko, lan taldeak betiere konpromiso horiek kontuan hartzen badituzte.
Sailaren mendeko Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoak guztira 274,3 milioi euro inbertitu zituen Durango Operazioan, hasierako aurrekontuan aurreikusi gabeko 250 milioi euroko urbanizazio-jarduketekin eta hobekuntza gehigarriekin. Operazio horren barruan sartu zen Zornotza eta Lebario artean trenbidea bikoiztea (14,3 km); Iurreta, Durango eta Abadiño artean trazadura lurperatzea (2,6 km); Durangon, Euban eta Trañan geltoki berriak eraikitzea; eta Lebarion tailerrak eta kotxetegiak egitea. Halaber, ETSk 27 trenbide-pasagune kendu zituen —horietako lau Durangon—, lurpeko aparkalekua eraiki zuen eta trenbide-azpiegiturak desegin zituen. Horrek guztiak berekin ekarri zuen 60.000 metro karratutik gorako azalera eraikigarria askatzea Durangon.
Sailburuak azaldu duenez, “munta handiko” operazio hori Durangoko Udalarekin adostutako akordio batean oinarrituta egin zen. Akordio horren arabera, Udalak lurperatze-proiektuaren zati bat finantzatuko zuen, askatutako lursailen hirigintza-aprobetxamenduen bitartez. Akordio hori 2006an onartutako BEPB Barne Eraberritzeko Plan Bereziaren barruan dago, eta barne hartzen ditu etxebizitza-erabilera —554 bizitoki guztira— eta askatutako espazioetako merkataritza-erabilerak.
Sailburuak gogorarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak “ezin die uko egin askatutako espazioen gainbalioei”, horien bidez euskal zergadunen diruarekin egindako ahaleginaren zati bat finantzatu behar delako. Eta adierazi du Durango Operazioa ez zela trenbide-operazio bat izan, baizik eta jarduketa batez ere urbanistiko bat, udalerriko biztanleen bizi-kalitatea hobetu duena. Eusko Jaurlaritzak toki-administrazioekin batera eta koordinatuta heltzen die horrelako hirigintza-operazioei Euskal Autonomia Erkidegoan, baita horien finantzaketari dagokionez ere.