Konfinamendu garaian, herriko ludotekak itxita zeudela ontzen hasitako zerbitzua izango da jostailuena: “Konfinamenduan, denok etxean geundela, guk ludotekan kaxetan geldirik genituen jokuak herriko etxe askotako haurrentzat erabilgarriak izan zitezkeela ohartu ginen, eta modu informal batean hasi genuen mailegutza”, adierazi du Ainara Larrañaga Gazteria zinegotziak. Azken hilabeteotan forma ematen aritu dira, eta orain jarriko dute abian. Bereziki garrantzitsutzat jotzen du behar gehien duten familietara iristea: “Etxeko egoera ekonomiko zailak haurrengan ahalik eta eragin gutxiena izatea du helburu; hala, mailegutza zerbitzu honen bidez, astero jostailu ezberdin bat etxera eraman eta probatzeko aukera izango dute herriko haur guztiek”, gaineratu du.
Apirilaren 12tik aurrera izango da zerbitzu berria herriko haur guztientzat. Orain artean, proba gisa, ludoteketako bazkideen artean izan da zerbitzua, eta ongi funtzionatu duela ikusita, zabaldu egingo dute. Mahai jolasak eta familian erabiltzeko aukera ematen duten jolasak dira gehienak. Euskararen erabilera sustatzea ere badu helburutzat mailegutzak, jolas guztiak euskaraz erabili daitezkeelako. Gainera, nahi eta ahal izatera, herriko dendetan eros daitezkeen jostailuak dira guztiak.
Funtzionamendu sinplea
www.azpeitia.eus web orrian aurki daiteke mailegutza zerbitzuan aurki daitezkeen jostailuen katalogoa. Horrekin batera, jostailua hartu ahal izateko webgune berean dagoen galdetegia bete beharko da aste bakoitzeko osteguna baino lehen eta ostiraletan jaso ahalko da jolasa, aukeratutako ludotekan. Hurrengo asteko asteartera arte izango dute jolasa itzultzeko epea.
Edozein zalatza, informazio edo gomendio behar izatera, herriko ludoteketara joan daitezke herritarrak edo bidali emaila mailegutza@gmail.com helbidera.