Azpeitiko emakumeen memoria kolektiboa berreskuratzeko proiektua abiatu du Udalak

0
Emakumeen memoria kolektiboa ikertu eta herritarren artean ezagutarazteko prozesua abiatu du Azpeitiko Udalak. Proiektua aurkeztu eta bertan parte hartzeko interesa duten herritarrekin talde eragilea osatzeko lehen bilera egingo du datorren astean, apirilaren 20an, 18:00etan Emakume Txokoan. Parte hartzeko aurrez izena eman beharko da emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera idatzita.

Azpeitiko Udalak herriko emakumeen historia aztertu, ikertu eta dibulgatzeko proiektu berri bat abiatu du. Azpeitian esanguratsuak izan diren emakumeak ezagutu eta errekonozitzeko prozesua izatea du helburu. Emakume konkretuak identifikatzeaz haratago, herriko emakumeen kolektiboak (lixiberak, alpargaterak, baserritarrak…) identifikatu eta errekonozitzea nahi da.

Horrez gain, emakumeek historikoki elkartzeko, Azpeitiko zein espazio erabili izan dituzten aztertuko da. Emakumeek espazio publikoaren erabilera nola kudeatu izan duten ezagutzeko eta balorean jartzeko.

Idoia Arrizabalaga Parekidetasun zinegotziak herriko emakumeak animatu nahi ditu prozesuan parte hartzera: “Memoria kolektiboa osatzea dugu helburu, eta hori herritarren ekarpen eta jakinduriatik osatu nahi dugu. Gure amek eta amonen historia eta istorioetatik abiatutako memoria osatu, emakume haiei gure errekonozimendua egin eta memoriaren dibulgazioarako tresnak sortzea nahi dugu”.

Prozesu parte hartzailea
Parte-hartze bidez berreskuratu nahi da memoria. Horretarako, talde eragile bat sortuko da. Talde hori arduratuko da informazioa biltzeaz eta bildutako hori kudeatzeaz. Hilean behineko maiztasunarekin elkartuko da talde eragilea eta Farapi elkarteko kideak dinamizatuko dituzte bilera guztiak.

Proiektua aurkeztu eta talde eragilea osatzeko lehen bilera egingo da datorren astean, apirilaren 20an, 18:00etan Emakume Txokoan. Parte hartzeko aurrez izena eman beharko da emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera idatzita.