Euskaltegi pribatuetako irakasleen lan baldintzak hobetzeko 10 milioi euro inbertituko ditu Eusko Jaurlaritzak

0

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta gizarte ekimeneko euskaltegien sektoreko ordezkariek euskaltegi pribatuetako finantzazio sistema berria aurkeztu dute gaur. Irakasleen lan baldintzak hobetzea lehenesten duen egitasmoa da gaur Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan, aurkeztu dena.

Prentsaurrekoan parte hartu dute Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Isabel Isazelaiak eta Laida Beristainek gizarte ekimeneko euskaltegien sektoreko ordezkari gisa.

Eusko Jaurlaritzak bere XII. Legegintzaldiko konpromisoen artean biltzen du “Helduen euskalduntze-sistemaren finantzazioa indartzea eta handitzea, irakasleen lan-baldintzak hobetzeko euskaltegien finantzaziorako ohiko deialdien bidez”. Helburu hori betetzeko asmoa du gaur aurkeztutako egitasmoak.

Azken urteetan nabarmena izan da helduen euskalduntzean lan egiten duten irakasleen kopuruaren jaitsiera. 2011-2012 ikasturtetik aurrera, urtez-urte helduen euskalduntze sistematik “ateratzen” diren irakasleen kopurua “sartzen” direnena baino handiagoa izan da. Azken ikasturtean, 10 irakasletik batek utzi egin du helduen euskalduntzea. Nabarmena da gainera euskaltegietan lan egiten duten irakasleen zahartze prozesua eta ordezkapena ez dela nahi bezala gertatzen ari, irakasle gazteak ez dira, behar den neurrian, helduen euskalduntzean barneratzen. Arrazoiak bat baino gehiago dira baina euskaltegi pribatuetako irakasleek, udal euskaltegietako irakasleekin alderatuz, lan-baldintza eskasagoak dituzte, bai soldata eta bai lan orduei erreparatuta:

  • Bi sareetako irakasleen arteko soldata aldea ia % 40koa da.
  • Irakasleek ematen dituzten eskola-orduetan ere aldea nabarmena da: euskaltegi pribatuetan 1.000 eskola-ordu inguru dira, eta publikoetan, berriz, 735 eskola-ordu. Hau da %26,5 gehiago pribatuetan.

Bestalde, euskaltegietan lanean hasten diran irakasleen asmoa ez da epe luzerako izaten. Gehienek, helduen euskalduntzean lan egitea aldi baterako esperientzia hartzeko bidetzat hartzen dute eta askok urte bi igaro ondoren alde egiten dute. Euskaltegietan eskatzen den maila akademikoa irakaskuntzako beste sare batzuetan eskatzen denearen antzekoa da baina lan-baldintzak eskasagoak dira euskaltegietan eta beraz, hurbiltzen diren irakasle berri gehienek hezkuntza sareko beste eremu batzuetara alde egiten dute. Guzti horri aurre egiteko euskaltegi pribatuetako irakasleen lan baldintzak hobetzeko konpromisoa du Eusko Jaurlaritzak.

Aipatzekoa da euskalduntzean jarduten duen kolektiboa oso feminizatua dagoela, guztira 1.566 langile izanik, 1.028 emakumeak dira, bi herenetik gora.

Aitortza ekonomikoa

Bestalde, 2020tik dagoen pandemia-egoerak euskaltegiek neurri aurrerakoiak hartzea ekarri du: ikas eredu erdi-presentzialak indartu dira, autoikaskuntza tutorizatuak gero eta ikasle gehiago ditu, eta azkenik, teknologia berrien eta ikas-irakaskuntzarako plataformen erabilerak irakasteko molde berrien ezarpena ekarri du. Gaur egungo euskaltegietako irakasleak ondo egokitu dira egoera berri horretara eta kalitatezko irakaskuntza eskaini dute. Eskaini beharreko irakaskuntza, eraginkorra izateaz gain, malgua eta teknologiaren berrikuntzetara egokitua beharko du izan. Guzti honek aldaketa ugari ekarriko du irakasleen prestakuntzan. Horiek horrela, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren iritziz,  irakasle horien aitortza profesional zein ekonomikoa indartzearen premia nabarmena da. Horretarako bide ere emango du gaur aurkeztutako euskaltegien finantzaziorako sistema berriak.

Lau urtean %36ko igoera

Gizarte ekimeneko euskaltegietako irakasleen lan-baldintzen hobekuntzaren helburua udal euskaltegietako irakasleekin dagoen aldea gutxitzea da. Horretarako, gaur egun euskaltegi pribatuen urteko soldata 25.000 eurokoa izanik ia 34.000 eurotara igo nahi da lau ikasturteren buruan, hau da, %36 gehiago. Bestalde, urteko eskola orduak 1.000 ordutik 809 ordutara jaitsiko dira gradualki lau urteren buruan, hau da, ia %26,5 gutxiago.

Helburu hori lortzeko Eusko Jaurlaritzak eta euskaltegietako ordezkariek gaur aurkeztu dutena lau ikasturterako akordioa da eta bi dirulaguntza deialdi izango ditu: lehenengoa 2021ean bideratuko dena 2021-2022 ikasturterako; eta bestea, 2022an gauzatuko dena eta hurrengo hiru ikasturteak babestuko dituena, hau da, 2022-2023, 2023-2024 eta 2024-2025 ikasturteak. HABEk bideratuko ditu, gaur egun egiten duen bezala, diru laguntza horiek eta helburua 2024-2025 ikasturterako finantzazio publikoa ehuneko 70era iristea da (gaur egun % 63,3koa da).

Sistema berri honetan, helburua lortu bitartean, euskaltegi pribatu homologatuek eta autoikaskuntzarako zentroek irakasleen lan-baldintzen hobekuntza betetzen duten neurrian jasoko dute dirulaguntzaren gehigarria, hau da, euskaltegiaren esku gelditzen da soldata igoerak erabakitzea eta horren arabera handituko du dirulaguntza kopurua HABEk.

Jauzi kualitatibo handia emango da lau ikasturteko ekinbide hau burutzen denean: irakasleen lan baldintzak hobetu eta irakaskuntzaren kalitatea indartuko da. Helduen euskara-irakasle izan nahi dutenei bidea erraztuko zaie eta egun jarduten dutenei dagokien aitortza ekonomikoa zein soziala emango zaie.

Euskaltegiak

Egungo osasun egoeraren ondorioak atzeman diran arren, gaur egun euskaltegi pribatuetan 30.000 ikasletik gora daude 101 zentrotan euskara ikasten, beraz, % 13 baino ez du egin behera ikasleen matrikulazioak. Osasun egoerak eraginda euskaltegietan irakaskuntza mistoaren aldeko apustua nabarmena da eta eskaintza presentziala eta autoikaskuntzakoa tartekatzen dira beti ere irakaskuntza gero eta pertsonalizatuago bat eskaintzeko eta ahalik eta zerbitzu eraginkorrena emateko helburuarekin.