Abian da Joxe Takolo beka goi mendizaletasuna, zientzia, esplorazioa, dibulgazioa eta abentura proiektuak bultzatzeko

0
Azpeitiko Udalak, Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Euskal Herriko Mendi Federazioak eskaintzen dute Joxe Takolo Beka 2001. urtetik, goi mailako mendiko egitasmoak bultzatzeko helburuarekin. Goi-mendia, abentura, zientzia, esplorazioa eta dibulgazioarekin zerikusia duten proiektuak bultzatzeko  3.000€ko beka da. Maiatzaren 21era bitartean aurkez daitezke proiektuak Azpeitiko Udalean; presentzialki eta egoitza elektronikoaren bidez (udal webgunearen bidez).
Joxe Takolo azpeitiar mendizalearen oroimenez sortu zuen 2001. urtean Azpeitiko Udalak Joxe Takolo Beka. Mendizaletasuna bultzatzeaz gain Joxe Takolo azpeitiar mendizalearen izena eta izanaren berri ematea helburu dutela. 20 urte hauten, maila desberdinetako munduan zehar garatzeko hainbat proiektu lagundu dira diruz, eta urtemuga borobil honetan ere horretan jarraitu nahi du.

20 urte hauetan, gora beherak izan ditu bekak; goi mendizaletasunari lotutako proiektu desberdinak bultzatzeko aukera izan du. Goi mendizaletasunari lotutako izen handien proiektuak zein hasi berrienak bultzatu ditu. Duela lau urte, ordea, gero eta proiektu gutxiago aurkezten zirela ikusirik inflexio puntu bat egin zuen. Orduan, mendizaletasunaren ohitura berriak aztertu eta zenbait aldaketarekin, indarberritu egin zen beka.Gaur egun, goi-mendia, abentura, zientzia, esplorazioa eta dibulgazioarekin zerikusia duten proiektuak bultzatzeko 3.000€ko beka da. Eta bekaren helburuarekin bat datorren ekimenen bat antolatzen duten Euskal Herriko mendizale, mendi-elkarte eta beste hainbat eratako elkarte eta talde aurkez daitezke. Aurten, maiatzaren 21era bitartean aurkez daitezke proiektuak Azpeitiko Udalean; presentzialki eta egoitza elektronikoaren bidez (udal webgunearen bidez).

“Joxe Takoloren izena eta izana goi mendizaletasunari lotuta jarraitzeko bekari eusteko konpromisoa dugu eta mendizaleak beren proiektuak aurkeztera animatu nahi ditugu. Mendizaletasunaren eta gure balioek erabat egiten dute bat, herri izaera zehatz bat sortzen lagundu du eta horretan jarraitzea nahi dugu”, adierazi du Egoitz Arruti kirol batzordeburuak. Azken hilabeteotako osasun alarma egoerak mendizaletasuna indartzeko balio izan duela ere azpimarratu nahi izan du: “Gero eta jende gehiago dabil mendietan, eta mendizaletasunaren balioak transmititzeko garai onak dira. Aldi berean, mendizale esperimentatuek proiektu berri eta interesgarriak pentsatzeko eta amesteko denbora izan dute, eta proiektuak aurkeztera animatu nahi ditugu”, gaineratu du.

Bekaren irizpideak
Aurkeztutako proiektuak ireki aurretik,  proiektuaren originaltasuna (% 29 gehienez), zailtasuna (% 29 gehienez), parte-hartzaileen perfila (% 21 gehienez) eta jardueraren eta baliabideen finantzaketa (% 21 gehienez) irizpideak objektiboki baloratuko ditu lan horretarako izendatutako batzorde teknikoak.

Proiektua aurkezten dutenek, diruz laguntzea eskatu den proiektu edo jardueraren ardura duen ordezkari edo pertsonak eskari-instantzia ofizialaren atal guztiak bete beharko dituzte, eta horri Nortasun Agiriaren fotokopia erantsi eta proiektuan partaide izango direnen federazioko lizentzia. Lizentzia hori, gutxienez, bekara aurkeztu baino urtebete lehenago ateratakoa izan beharko du.
Egin nahi den proiektuaren memoria, hari dagokion aurrekontuarekin batera ere aurkeztu beharko da, bai paperean baita euskarri informatikoan ere.