Argitaratu dira Azpeitiko administrari lan poltsa osatzeko lehen azterketarako xehetasunak

0
Apirilaren 21ean, 10:00etan izango da azterketa. Azterketa egiteko eskubidea 415 lagunek dute eta osasun protokoloak bete ahal izateko Izarraitz pilotalekuan eta Udal Kiroldegian egingo da.

Azpeitiko Udalak administrari lan-poltsa osatzeko deialdia abiatu zuen urtarrilean eta datorren astean, apirilaren 21ean egingo du lehen azterketa. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrendaren arabera 415 lagunek izango dute lehen azterketa egiteko eskubidea. Jende kopurua dela eta, azpiegitura desberdinetan egingo da froga; Izarraitz pilotalekuan eta Udal Kiroldegian. Leku banaketa abizenen araberakoa izango da: Izarraitz Frontoian Abad Urainetik Goenaga Arbizara, eta Udal kiroldegian Goenaga Basurtotik Zuñiga Garcia artekoak.10:00etan hasiko da azterketa eta 9:15ean irekiko dira ateak.

Deialdi publiko horren bidez, bi zerrenda osatuko dira; alde batetik, administrari orokorrerako zerrenda osatuko da, eta, bestetik, zenbakietan espezializatutako zerrenda. Oposizio-lehiaketa bidez osatuko da lan poltsa, eta osatutako zerrenda horien bidez erakundean sorturiko behin-behineko beharrei erantzungo zaie.