Beatriz Artolazabalek nabarmendu du diru-sarrerak bermatzeko Euskadiko sistema eta pandemiaren aurkako neurriak pobreziaren aurkako horma izan direla

0

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak, gaur, Eusko Jaurlaritzak gure gizarte-babeserako sistema sendotzeko duen konpromisoaren balioa nabarmendu du; ezinbestekoa da desberdintasunarekin amaitzeko, eta gure gizartea gehiago eta hobeto kohesionatzeko. “Ziur gaude diru-sarrerak bermatzeko Euskadiko sistema, zeina pandemiaren aurka hartutako neurrien bidez sendotu baita, pobreziaren aurkako eta desberdintasunak areagotzeko euste-horma izan dela”, esan du.

“Osasunaren arloan, birusak herritar guztiengan du eragina, baina gizarte-arloan, efektua oso bestelakoa da batzuengan eta besteengan, gizartea bera bezain desberdina”, esan du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, EAPN-k estatu-mailan antolatu duen jardunaldi batean (European Anti Poverty Network). Beatriz Artolazabalek mahai-inguru batean parte hartu du, Melania Álvarez Asturiasko Printzerriko Gobernuko Gizarte Eskubideen eta Ongizateko kontseilariarekin, Bárbara García Gaztela-Mantxako Gobernuko Gizarte Ongizateko kontseilariarekin eta Antón Acevedo Galiziako Xuntako Arreta Integral Soziosanitarioko zuzendari nagusiarekin batera. Online jardunaldiaren izenburua honako hau izan da: ‘Nagusien esperientziak pandemian: aldaketaren beharra eredu soziosanitarioan’. Artolazabalek honako mahai-inguru honetan parte hartu du: ‘Pandemiaren inpaktua adinekoengan: ikasitakoak eta erronkak’.

Sailburuak azken hilotan, beste erakunde batzuekin eta hirugarren sektore sozialeko gizarte-eragileekin elkarlanean, gizarte-errealitate berriei edo azaleratu direnei erantzuteko egin den lanaren balioa nabarmendu du. “Gai izan gara bazeuden zerbitzu baliagarriak indartzeko eta ekimenak hutsetik abiarazteko”, esan du. Besteak beste, Inor Atzean Utzi Gabe funtsaren ondoriozko programak, Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren bazterketaren aurkako batzordearen eskutik sortu diren programak. “Sareen Sarean dagoen hirugarren sektore sozialak antzeman dituen beharrak eta abian jarri dituen tresnak”. Hori horrela, Artolazabalek nabarmendu du 10.000 pertsona eta familia baino gehiago izan direla, dagoeneko, ekintza horien onuradun; pertsona horietako asko, nagusiak.

Sailburuak antolatutako elkartasun-sareaz hitz egin du, Guztion Artean izenekoaz; sarea konfinamenduan zehar jarri zen abian, eta 2.200 esku-hartze baino gehiago egin zituen eta borondatez elkarlanean jarduteko beren burua eskaini zuten 1.500 pertsona baino gehiago aktibatu zituen. Haren helburua zen familia- edo laguntza-sarerik ez zuten 70 urtetik gorakoek eta/edo mendekotasuna zutenek oinarrizko beharrak aseta izan zitzaten laguntzea.

Funtsaren programetako askok aktibo jarraitzen dute, eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak esan du lana dagoela oraindik egiteko. “Beste krisialdi bat dugu aurrez aurre. Osasun-mailako krisialdia, eta horrek ekarri du, dagoeneko, ekonomia- eta gizarte-krisia ere”. “Erne egon behar dugu, bereziki, zailtasun gehien dutenek, aurreko krisialditik ateratzen hasiak zirenek, aurrez aurre duten egoerarekin. Inor atzean gera ez dadin”.

Ekonomia-krisiak, gainera, inpaktua izango du epe laburrean-ertainean jarduera ekonomikoan eta bilketan, eta, epe luzean, zor publikoan, sailburuak esan duenez. “Horrek guztiak desberdintasunak areago ditzake, gizarte-babeserako sistemen garapena zaildu dezake, oro har, eta gizarte-, osasun- eta hezkuntza-zaintzen sistema arduradunena, bereziki, eta gazteek gaur egun eta etorkizunean haien bizi-proiektuak abiarazteko dauzkaten aukerak arriskuan jar ditzake”.

“Bizi dugun krisialdiak hilak edo urteak iraungo ditu, eta alderdirik dramatikoena gizartearen alderdiak jasango du, egoera kalteberan dauden pertsona eta familien funtsezko zailtasunak agerian geratuko baitira”, esan du. Aldi berean, honako hau esan du: “ziur nago susperraldiari aurre egiteko zume egokiak ditugula». “Beste erakunde eta entitate batzuekin elkarlanean jarduteko modu horrek ederki funtzionatu du, eta konfiantza eta lankidetza horrek jarraitu behar du etorkizunean ere emankorra izaten”.

Adinekoak

Beatriz Artolazabalek esan du pandemiaren ondorioek pertsona bakoitzarengan izan dutela eragina, baita nagusien bizi-baldintzetan ere; haien kasuan, “kasurik onenetan”, elkarreraginean jarduteko espazioak eta haien bizitza autonomoa murriztu egin dira, eta egunerokotasuna mugatuta dute, neurri handi batean, etxeko edo bizileku duten egoitzako espaziora.

Sailburuak esan duenaren arabera, kontuan izan behar da pandemiak bizi-baldintzetan izandako inpaktuak pertsonen egungo eta etorkizuneko osasun-egoera eta gaitasunak jar ditzakeela arriskuan, batik bat gaixotasun kronikoak dituztenenak edo mendekotasun-egoeran edo -arriskuan daudenenak. “Pentsa dezagun, esaterako, zahartzearen inpaktuan, eta pandemiak nola mugatu duen jarduera fisikoa eta, oro har, zahartze aktiboa”.

“Halaber, sozializazio-prozesuetan izan du eragina: gizarte-, familia- eta erkidego-harremanetan. Nagusien isolamendua eta bakardadea –bereziki egoitza-zentroetan baina baita haien etxebizitzetan ere– kontaktuen murrizketaren adierazpenik muturrenekoak dira”, esan du. Hori dela eta, bere iritziz, honako galdera hau egin behar diogu geure buruari: “zer geratuko da gurekin eta zein izango dira egonkortzearen ondorioak gizarte-harremanetan, sozializazio-prozesuetan eta autonomian?».

Artolazabalek nabarmendu duenez, “adibide bat jartzearren, epe laburrera aurreikus daiteke gaixotasun kroniko batzuk areagotzea edo osasun mentaleko arazo gehiago egotea, bai eta mendekotasun- eta arrisku-egoerak areagotzea ere. Baina aldaketa horiek beharbada ez dute denboran iraungo. Baina beste aldaketa batzuek baliteke denboran irautea, besteak beste: gizarte-harremanen murrizketa, familiarteko, lagun, auzokide eta beste hainbatekin ditugun harremanetan erregistratutako galerak finkatuz; harreman fisikoa mugatzea, zehazki biztanleria kalteberenaren artean, edo astialdiko, prestakuntzako edo laneko denbora gehiago etxean emateko joera”.