Lehen Hezkuntzako ikasleen artean euskara bultzatzea asmo duen udaleku-eskaintza berri bat eskainiko du Barakaldok. Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan Urtxintxa Elkarteak eta Barakaldoko Udalak bultzatutako proposamena gaur goizean aurkeztu dute Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak, Barakaldoko alkate Amaia del Campok eta Urtxintxako arduradun Maite Asensiok. Uztailaren 5etik 16ra garatuko dira Ikusika udalekuak Bilbao Exhibition Centren, 25 euroan, bazkaria barne.
Ekimen aitzindari eta berritzaile honek euskara jarduera ludikoen bidez sustatzea du asmo, bai eta euskara gazteek beren jardueretan eta aisiako eta aisialdiko harremanetan ez ezik arlo digitalean erabiltzeko hizkuntza bihurtzea ere. “Azken urte honetan ikusi dugu nola aldatu diren ohiturak koronabirusak eragindako krisiaren karietara. Eskola-agendan ere izan du pandemiak eragina, ikasleak euskaratik urrunduz, harremanak –hala ikasleen artekoa nola irakasleekikoa – apalduz eta hizkuntzaren arloan egindako aurrerapenak zapuztuz. Udalekuek aukera emango digute galdutako guztia berreskuratzeko. Eta modu ludikoan, berreskuratzeko, gainera, inoiz baino beharrezkoagoa baitugu”, adierazi du Del Campo alkateak, eta gaineratu du: “Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleak euskara arlo guztietan erabiltzera animatu nahi ditugu, ezagutza maila kontuan hartu gabe, euskara guztiak baitira politak”. Azkenik, eskerrak eman dizkio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, Barakaldo aukeratu izanagatik ekimena abian jartzeko, oso garrantzitsua baita kultur eta hezkuntza eskaintzaren esparruan. “Ikusika-k bat egiten du horrela uda honetan gure hirian berriro ere egingo ditugun hiri-udalekuekin. Udaleku horiek euskaraz egiten dira, eta ingelesezko jarduerak ere eskaintzen dituzte. Gure familiek lana eta familia uztartzeko moduko programak eskatzen dizkigute; are gehiago bizi dugun garaian, askotan telelana eta adingabeen zainketa uztartu behar izaten baitira. Horregatik guztiagatik, segur naiz oso harrera ona izango duela ekimenak”, adierazi du.
Maite Asensio Urtxintxako arduradunak azaldu duenez, BECen hartutako espazioak eta egiten dituzten jarduerek osasun neurriak beteko dituzte parte-hartzaileak koronabirusetik babesteko.
Aurkezpenaren amaieran, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak honako hau gogorarazi nahi izan du: «Jaurlaritzaren eta Hezkuntza Sailaren lehentasuna ikastetxeak ikasturte osoan irekita mantentzea izan da, gure haurren irakaskuntza presentziala amaierara arte bermatzea. Hori lortzeko bidean gaude, eta eskertzekoa da ikastetxeetako arduradunek, irakasleek, ikasleek eta familiek egin behar izan duten ahalegina. Helburua lortzear dago, eta, orain, ikasleen udako oporretan pentsatzen hasi behar dugu. Badakigu uda oso berezia izango dela. Ezin izango ditugu gure harreman sozialak eta bizitza kalean mantendu nahiko genukeen normaltasunarekin, baina horrek ez du esan nahi geldirik egon behar dugunik, egin gabe utzi ezin ditugun gauzak egin behar ez ditugunik «.
Udaleku horien ezaugarriei eta garrantziari dagokienez, Barakaldoko 12 urtetik beherako 5 haurretatik 4 euskaldunak direla adierazi ondoren, baina familia-ingurunean euskararen ohiko erabilera familien % 5era iristen ez dela ikusita, sailburuak nabarmendu nahi izan du «horregatik dela hain garrantzitsua eskolaz kanpoko ekimen horiek sortzea eta bultzatzea. IKUSIKA udalekuek ederki beteko dute haurrei aisialdirako giro eta ingurune euskaldun egokia emateko helburua. Batetik, BECek berak, erakustazoka oso egokia delako, baita pandemia garai honetan ere, beharrezkoak diren osasun-segurtasuneko neurriak aplikatzeko. Eta, bestetik, Urtxintxa taldeko begiraleen sormen eta irudimenari esker, neska-mutilek euskararen unibertso ludiko, jostalari eta dibertigarria aztertzeko aukera ugari izango dutelako. Gainera, familiek beren lanak eta zereginak uztartzen jarraitu ahal izango dute, seme-alabak jolas eta kultur jarduera horietan dauden bitartean «.
Izen-emateak, apirilaren 30era arte
Barakaldoko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasleei zuzenduta dago, alegia, 2009 eta 2010 bitartean jaiotako neska-mutikoei. Apirilaren 30era arte gauzatu ahal izango dira izen-emateak, ikusika.eus webean. Beren gustuei egokitutako jarduerak egin ahal izango dituzte partaideek, baina sormen-lanari emango zaio lehentasuna, hala nola, irrati tailerrak, bideo-jokoak, antzerkia, erreferentziazko gazte ospetsuak…
Lekuak bezala jarduerek ere beharrezko osasun-neurriak beteko dituzte, partaideak koronabirusetik babestuta egon daitezen.