Basque Culinary World Prize ideia eraldatzaileak dituzten sukaldarientzako sariaren 6. ediziorako izendapenak egiteko aldia ireki da

0

Ireki da jada Basque Culinary World Prize sariaren 6. ediziorako izendapenak egiteko prozesua. Saria urtero ematen da, eta “sukaldaritzaren esparrua gainditu” eta beste hainbat arlotan, esaterako teknologian, hezkuntzan, ingurumenean, osasunean, elikagaien ekoizpenean edo garapen sozialean eta ekonomikoan eragina duten chef aitzindarientzat da.

Sariaren 6. edizioan, 2020an pandemiaren ondorio suntsitzaileen erdian sukaldaritzak izan zezakeen papera azpimarratu ondoren, Basque Culinary World Prizek gastronomiaren indar eraldatzailearen aldeko apustua egiten jarraitzen du, sukaldarien historia inspiratzaileekin, gaur egun sukaldaritzatik inpaktu sozialak sortzen dituzten sukaldarien historiekin, esaterako.

Sariaren 5. edizioan, Jose Andres sukaldariak irabazi zuen Basque Culinary World Prize saria, gastronomiak gaur egungo munduko erronkarik larrienetako bati modu globalean eta lankidetzan emandako erantzunagatik, eta aurten, saria nazioarteko sukaldaritzaren inplikazioa modu irmoan adieraziko duen enbaxadore berri baten bila ere badabil.

Sari aitzindari eta global honek munduko sukaldari hoberenen babesa dauka. Eusko Jaurlaritzak eta Basque Culinary Centerrek elkarrekin sortutako sari honek goraipatzen du sukaldariek beren sormena, ezagutza, lidergoa eta ekintzailetza erabiliz gizartearen barruan aldaketa bat sortarazteko duten ahalmenari esker gastronomiak eduki dezakeen inpaktua.

Munduan eraginik handiena duten sukaldariek eta nazioarteko akademikoek eta adituek eratutako diziplinarteko epaimahai batek aukeratuko du irabazlea. Urtero sukaldari bat aukeratzen dute sariaren espiritua irudikatzeko: gizartea gastronomiaren bidez eraldatzea, eta saridunak 100.000 € jasotzen ditu, gastronomiaren ahalmen biderkatzailea adierazten duen ekimen batera bideratzeko.

Izendapenak egiteko aldiaren irekiera:

Maiatzaren 31 baino lehen gastronomiaren sektoreko profesionalek eta erakundeek gastronomia aldaketaren eragile bihurtu daitekeela erakusten duten sukaldariak izendatu ahal izango dituzte. Izendapenak Basque World Culinary Prizeren web orriaren bitartez egin behar dira: www.basqueculinaryworldprize.com

Sari honek komunitate gastronomikoaren ezagutza kolektibora jotzen du mundu osoko profesionalak aurkitzeko, eta sektorean esperientzia profesionala duen edozein sukaldariri irekita dago, berdin dela zer sukaldaritza kultura, nazionalitatea edo nabarmentasuna duen.

Izendapenetarako prozesua:

Izendapenen epea amaitu ondoren, Basque Culinary World Prizeko idazkaritzak aztertuko ditu hautagaiak. Idazkaritza hori gastronomiako akademikoek eta adituek osatuko dute.

2021eko uztailean birtualki egingo den bileran aukeratuko da irabazlea. Joan Rocak (Espainia) presiditu eta munduan eraginik handienekoak diren sukaldariek, tartean Andoni Luis Aduriz (Euskadi), Eneko Atxa (Euskadi), Massimo Bottura (Italia), Manu Buffara (Brasil), Dominique Crenn (AEB), Trine Hahnemann (Danimarka) eta Enrique Olvera (Mexiko), osatutako epaimahai batek egingo du aukeraketa.

Bermea duen saria:

Sariak inpaktu handia eduki du, aldaketaren aitzindari diren sukaldarien lana nabarmentzen duelako eta beren ezagutzak baliatuz klima aldaketaren, elikagaien xahuketaren, biodibertsibitatearen, gizarteratzearen arazoak edo egungo pandemiak eragindako arazoak lantzen dituzten profesionalen historia inspiratzaileak bistaratzen dituelako.

2020ean, Jose Andres sukaldariak Basque Culinary World Prize saria jaso zuen, World Central Kitchen-en bidez COVID-19ak eragindako krisiari emandako erantzun sendo, global eta inspiratzaileagatik, gastronomian aurrekaririk ez duen ahalegin kolektibo baten adibide gisa, non mundu osoko sukaldariek parte hartu baitzuten.

Aurreko edizioetan saria Anthony Myinti sukaldari estatubatuarrari (2019) eman zioten, gastronomian ikerketa eta jatetxeen ingurumen inpaktua murrizteko irtenbideak aurkitzeko tresna praktikoak konbinatuz klima aldaketari aurre egiten diolako, eta Jock Zonfrillo sukaldari eskoziarrari (2018), zeinak Australiako jatorrizko herrien elikadura memoria babesteko lan egiten baitu eta antzinako kultura hori aurkitzeko eta aldarrikatzeko lanari ekin baitio. Kolonbiako Leonor Espinosa sukaldariak eskuratu zuen saria 2017an, Funleo fundazioaren bidez Kolonbiako herrixken aspaldiko jakintza aldarrikatzeagatik. Inaugurazio urtean (2016), berriz, Venezuelako Maria Fernanda di Giacobbe sukaldariak jaso zuen saria, hezkuntzan, ekintzailetzan, ikerketan eta garapenean oinarrituta eta kakaoa, Venezuelako nortasun, kultura eta aberastasun ekonomikoaren iturria den heinean, ardatz hartuta abian jarritako ekimenari esker.

Eusko Jaurlaritzak eta Basque Culinary Centerek, biak sariaren sortzaile izanik, hau adierazi dute beren ordezkarien bitartez:

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikaduraren Politikako sailburu Bittor Orozek, nabarmendu du sari “bakar eta orokor hau Eusko Jaurlaritzak duen EUSKADI-BASQUE COUNTRY Estrategia inklusibo eta anbiziotsuaren parte dela, jakin baitakigu soilik lankidetzatik irabazi ahal izango dugula gure espazio propioa munduan, eta soilik horren bidez indartu ahal izango dugula Euskadi nazioarteko erreferentziazko lurralde gisa. Munduari beti ateak zabaldu izan dizkion herrialde baten ibilbide eta esperientzia egiaztatua daukagu, eta, gainera, euskal komunitate aktiboen sare propio bat dugu atzerrian, Euskadi nazioartekotzeko erronkarekin erabateko konpromisoa duena. Basque Culinary World Prize eta pareko ekimenen bidez, gizarte eredu bidezkoago eta iraunkorrago bat osatzen laguntzen dugu, zeina pertsonen zerbitzura egongo den”.

Joxe Mari Aizegak, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak, berriz, azpimarratu du: «Basque Culinary World Prize programak gastronomiaren fenomeno globala areagotzen du: gizartearen indar eraldatzailea da, eta horren bidez egungo hainbat erronkari aurre egin ahal zaie, hala nola aurrekaririk gabeko osasun krisi honi. Pandemiak gure sektorearen ekarpen guztiak nabarmendu ditu, eta 2020an sukaldari askok ulertu zuten beren ezagutza, lidergoa, enpresa espiritua eta sormena balia zitzaketela gizarteari laguntzeko. Aurten, pertsona inspiratzaileen lana ikusarazten jarraitzea espero dugu, beren talentua eta beren komunitateekin konektatzeko duten indarra erabiltzen dutenean gertatzen dena islatzen baitute, lankidetzaren eta erantzukizunaren adibidea emanez.”

OHARRAK EDITOREENTZAT:

  1. Eusko Jaurlaritzak eta Basque Culinary Centerrek elkarrekin sortutako eta emandako saria da Basque Culinary World Prize, eta Euskadi Basque Country estrategia integralaren barruan dago.Estrategia bat, zeinak indargune eta berezitasunetatik abiatuta Euskadi aktore global gisa, bikaintasunaren erreferente, bizi kalitatearen eta kohesio sozialaren eredu gisa eta lurralde berritzaile eta lehiakor gisa posizionatzen baitu.
  2. Basque Culinary Centerrek babesten eta ematen du saria. Basque Culinary Center, berriz, erakunde akademiko aitzindaria da mundu mailan, unibertsitateko hezkuntzan eta hezkuntzari, ikerketari, berrikuntzari eta ekintzailetzari lotuta gastronomiak duen ahalmena garatzen egiten duen lanagatik.2009an Donostian sortu zenez geroztik, ahaleginak egin ditu sektorearen profesionalizazioan laguntzen duen diziplinarteko espazio bat sortzeko.
  3. Epaimahaiko zein Batzorde Teknikoko kideak ezin dira sarirako izendatu. Informazio gehiagorako jo basqueculinaryworldprize.com webgunera.
  4. Hemen daude ikusgai Basque Culinary World Prizerekin zerikusia duten argazki batzuk.
  5. 2020an, COVID-19ak sortutako testuingurua dela eta, Basque Culinary World Prize elkarteak munduko hainbat lekutan gastronomiak egoera berezi horietan eman dezakeen ekarpenaren erakusgarri izan ziren sukaldariei arreta jartzea erabaki zuen. Horretarako, mezu indartsu, biderkatzaile eta kolektibo bat bidali zuen, ez bakarrik irabazle bat iragarriz, baizik eta 10 aipamen berezi, 10 pertsona inspiratzaileren lana ospatzeko. Gainera, egoeraren ondorioz, ezin izan zen saria emateko ekitaldia ospatu.
  6. Prentsa eskarietarako, mesedez jarri harremanetan honekin:

bcwp@bculinary.com

https://www.basqueculinaryworldprize.com