Irunen % 5,44 eta Hondarribian % 16,97 egin dute behera arau-hauste penalek 2020an

0

Joan den martxoaren 12an Irungo udaletxean elkartu zen Ertzaintzaren eta Irungo eta Hondarribiko udaltzaingoen Koordinazio Batzordea. Erakundeen arteko koordinaziorako era horretako 28. bilera izan zen, eta kasu honetan 2020ko delituen balantzea eta analisia izan ziren aztergai

Bileran izan ziren Irungo eta Hondarribiko alkateak, Ertzaintzaren lurraldeko buruak, ertzain-etxeko arduradunak eta bi udalerrietako udaltzaingoen arduradunak segurtasunaren bilakaera aztertzeko. Arau-hauste penalek Irunen % 5,44 egin zuten behera 2020an eta Hondarribian % 16,97, aurreko urtean erregistratutako datuekin alderatuta. Irungo hirian 2.980 arau-hauste penal jaso ziren 2019an eta 2.818 2020an. Hondarribian, berriz, 725 arau-hauste penal jaso ziren 2019an, eta 2020an 602ra arte jaitsi ziren.

Aurkeztutako datuen arabera, iaz ia delitu-modalitate guztiek egin zuten behera bi udalerrietan, eta, batez ere, ondarearen aurkako delituek eta pertsonen aurkakoek.

Bi udalerrien mugapeko hiru poliziek aurkeztutako datuek honako hau adierazten dute:

  • Pertsonen aurkako delituak: Atal honetan biltzen diren tipologiei dagokionez, etxeetan egin ohi diren arau-hausteek, hala nola genero-indarkeriak eta etxeko indarkeriak, behera egin dute: 2019an 223 kasu jaso ziren eta 2020an, berriz, 190 kasu jaso dira Bidasoa eskualdeko bi udalerrietan.

Sexu-askatasunaren aurkako delituak ere jaitsi egin dira, 2019ko 31 kasuetatik 2020ko 27 kasuetara, hain zuzen ere.

  • Ondarearen aurkako delituak: Indarkeria eta/edo beldurra erabiliz egindako lapurretek % 40,98 egin dute behera Irunen, 2019an 61 kasu jaso baitziren eta 2020an, berriz, 36. Hondarribian 6tik 5era jaitsi da delitu-mota hori.

Etxeetan egindako lapurretak ere % 24,69 jaitsi dira Irunen, azken bi urteak alderatuta 81 kasuetatik 61era jaitsi baitira. Hondarribian jaitsiera % 15,79koa izan da, salatutako kasuak 19tik 16ra jaitsi baitira.

Nabarmen egin dute behera 2020an ebasketek ere, eta Irunen % 44,09 jaitsi dira, hain zuzen ere, 1.007 kasuetatik 563ra, eta Hondarribian % 48,31, 2019an 178 kasu salatu baitziren eta iaz 92.

Bidasoa eskualdeko salbuespen bakarra, orokorrean Euskadi osoan eta polizia-estatistika guztietan gertatu den bezala, batez ere alarma-egoeraren ezaugarri bereziak eta online erosketen eta eragiketen igoera nabarmenak eraginda, iruzur-delituek izandako igoera nabarmena da, 2019an 300 salaketa jaso baitziren polizia-bulegoetan eta 2020an, berriz, 757.

  • Osasun publikoaren aurkako delituak (droga-trafikoa, etab.): Irungo hirian 37tik 24ra jaitsi dira substantzia sorgorgarrien trafikoarekin lotutako arau-hauste penalak.

Murrizketek eta gaueko aisialdian ezarritako mugek markatu duten 2020 honetan, arrazoizkoa den bezala, behera egin dute alkoholaren, drogen eta abarren eraginpean gidatzearekin zerikusia duten delituek ere. Irunen % 21,69 egin zuten behera eta Hondarribian % 30,95.

Arau-hauste administratiboen esparruan aurkeztutako datuek islatzen dituzte hiru polizia-kidegoek gauzatu dituzten ekintzak COVID-19aren ondorioz bizi den ezohiko egoeran. Herritarren Segurtasunerako Legearen aurkako arau-hausteak 490 izan ziren 2019an eta 1.776 2020an (desobedientzia eta indarrean dagoen osasun-araudia urratzea barne hartzen dituzte).

Estrategia bateratua, prebentzioa, koordinazioa, informazioa eta analisia

Ertzaintzaren eta udaltzaingoen estrategia aurrerantzean ere izango da udalerrietan patruilen, bai auto-patruilen bai oinezkoen, lana indartzea, hain zuzen ere, herritarren segurtasun-pertzepzioa areagotzeko eta bizilagunek segurtasunaren arloan dituzten premiei erantzuteko, bai eta giza eta material baliabideei probetxu hobea ateratzeko ere.

2020an behar-beharrezkoa izan da hiru polizia-kidegoak koordinatzea eta pandemiak planteatutako egoera berrietara egokitzea, nabarmen areagotu baitira herritarrei laguntza eta arreta emateko lanak, eta, gainera, etengabe aldatzen eta egokitzen joan den osasun-araudia barneratu eta betetzen dela zaindu behar izan da.