Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak, Mugikortasun Jasangarriko Legearen aurreproiektuaren tramitazioari hasiera ematen diola azaldu du gaur, aurretiazko onarpen-aginduaren sinadurarekin. Zirriborroan, Euskal Autonomia Erkidegoan mugikortasun jasangarria sustatzeko esparrua finkatzen da, alderdi hauetan oinarrituta: mugikortasun aktiboan (oinez edo bizikletaz), ibilgailu pribatuaren aurretik garraio publikoa bultzatzean, sistema integratu intermodal batean garraio publikoko tituluen elkarreragingarritasunean, udalerrietan hirigintza-arlotik mugikortasun jasangarriko ikuspegia bultzatzean, eta tren-garraioaren sustapenean.
Aurreko legegintzaldiaren amaierarekin bertan behera geratu zen Eusko Jaurlaritzak bultzatutako lege-proiektuan oinarritzen da artikulatua, eta hainbat berrikuntza erantsi ditu, hala nola herritarren eskubideak eta betebeharrak, mugikortasuneko estrategiak prestatzeko herritarren parte-hartzea, edo udalerriek euren mugikortasun jasangarrian hirigintza-jarduketen inpaktua kontuan hartzeko duten obligazioa. Hori guztia, karbonoaren aztarna murrizteko eta pertsonek garraio publikoa erabiltzea lehenetsiko duen garraio-sistema intermodal baterantz urratsak emateko.
Berotegi-efektuko gasen emisioen inguruko azken datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan, 2018an, 19 milioi tona igorri ziren, aurreko urtean baino % 3,7 gutxiago, baina emisio guztien % 34 garraioari lotuta zegoen. Euskal Autonomia Erkidegoan, 2019an, energia-kontsumoa 4.989 mila tonakoa izan zen; horietatik % 43,4 sektore honetan izan zen —% 95 errepideko garraioari dagokio—. Hortaz, energiaren azken kontsumoan garraioaren pisua % 21,4 hazi da hamar urtetan. Horren parean, joerak gorantz egiten jarraitzen du: 2019an, Euskal Autonomia Erkidegoan 1.000 biztanle bakoitzeko 458,6 automobil erregistratu ziren, ibilgailuen parkea % 1,1 handituz. Horietatik % 85,9 automobilak, kamioiak eta furgonetak dira.
Aurreproiektu berriaren bitartez garraioaren fiskalitateari ere heltzen zaio, Foru Aldundiei tresna hau eta politika ekonomikoko beste tresna batzuk erabiltzeko aukera emanez mugikortasun jasangarrian laguntzeko. Artikuluetan, mugikortasun jasangarriaren aurkako jarduerei pizgarriak kentzen dizkieten neurri fiskalak eta finantzarioak ezartzeko aukera jasotzen da, adibidez, tasak, kanonak edo kargak, zergak eta murrizketak; eta, aldi berean, ingurumena kaltetuko ez duten garraio moduentzako hobariei edo salbuespenei ateak zabaltzen zaizkie.
Garraio publikoa bultzatzea mugikortasun jasangarriaren ardatzetako bat da, eta, ildo horretan, aurreproiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan tarifa-sistema bakarra eta integratua ematearen alde egiten jarraitzen du. Berrikuntzen artean, bi urteko epean, existitzen diren tituluen elkarreragingarritasunaren aldeko apustua egiten da, Euskal Autonomia Erkidegoko «garraio modu guztietan erabat elkarreragingarriak izateko”.
Mugikortasun aktiborako udalerri egokiak
Dokumentu berrian mugikortasun aktiboaren —oinez eta bizikletaz egiten diren joan-etorriak bultzatzea— kontzeptua jasotzen da. Hala, bertan adierazitakoaren arabera, udal-administrazioek mugikortasun aktiboa sustatu beharko dute euren hirigintza-plangintzaren bitartez. Horrek trafikoaren baketzea indartuko du, eta kale, plaza eta hiribideetan oinezkoen erabilerari lehentasuna eman beharko diote. Horrek praktikan, kale eta espazio publikoen diseinuan oinezkoen eta bizikleten mugikortasuneko eta bide-segurtasuneko irizpideak txertatzea eskatzen du.
Mugikortasun aktiboa bultzatzeko, zerbitzu publikoetako eraikinek eta geltokiek bizikletentzako aparkalekuak izateko, eta bizitegi-eraikin berriek garraiobide jasangarri horrentzako espazio “seguruak eta babestuak” ezartzeko obligazioa jasotzen da. Testu berrian, gainera, administrazio eskudunek hiri-kanpoaldean garraio publikoaren bidez lotutako disuasio-aparkalekuak sustatzea jaso da.
Lege-aurreproiektuaren zirriborroan, lehen aldiz, herritarren eskubideak eta betebeharrak aipatzen dira. Eskubideen artean azpimarratzekoa da, pertsona batek, edozein lekutan bizita ere, garraio publikoko zerbitzu bat edukitzeko duen eskubidea. Betebeharren artean, berriz, jokabide eta erabilerako arauak eta jarraibideak errespetatzea daude. Herritarren papera oso garrantzitsua da lege honetan bildutako mugikortasun jasangarriko tresnak eta estrategiak sortzeko; izan ere, testu berrian informazio eta parte-hartze publikoari buruzko kapitulu bat dago. Horren bitartez, herritarrek planei egindako ekarpenak eta informazioa eskuratu ahal izatea bermatzen da, baita “pertsona guztiek administrazio-organoei lege hau eta aurreikusitako mugikortasun jasangarriko planen edukia betetzea eskatu ahal izatea” ere.
Autonomia-erkidegoaren eta lurralde historikoen mailan mugikortasun jasangarriko planak sortzeko beharra planteatzen da zirriborroan. Plan horiek 10 urteko indarraldia eta bost urtean behingo jarraipenak izango lituzkete, bi urtean behin adierazleen ebaluazioa eginez. 5.000 biztanletik gorako udalerriek ere egin beharko dituzte mota horretako planak —testu berrian jasotakoaren arabera, Aldundiek 5.000 eta 20.000 biztanle arteko udalekin elkarlanean jardungo dute planak egiten, eta 20.000 biztanletik gorako udalerriek, nahi badute, laguntza hori jasotzeko aukera ere izango dute—. Plan horien artean, lantokietako mugikortasun-planak ere jasotzen dira.
Euskadiko Trenbide Segurtasuneko Agentzia
Lege-aurreproiektuan lehen xedapen gehigarri berria jaso da. Bertan, Agencia de Seguridad Ferroviaria de Euskadi-Euskadiko Trenbide Segurtasuneko Agentzia eratu beharra adierazten da. Zuzenbide pribatuko erakunde publiko hori estandar europarren babesean eta nazioarteko esparruan indarrean dagoen araudiaren arabera eratuko da, salgaien eta pertsonen tren-bidezko trafikoko segurtasun-irizpideak zaintzeko.
Zirkulazioaren segurtasuna zaintzea izango da haren eginkizuna. Horretarako, arlo honetako eragileek euren betebeharrak betetzen dituztela gainbegiratuko da eta segurtasuneko helburuak definituko dira.
Hemendik aurrera, zirriborroari buruzko kontsultak, entzunaldiak eta nahitaezko txostenak egingo dira eta parte-hartze prozesua gauzatuko da, Gobernu Kontseiluak onartu eta Eusko Legebiltzarrera —bertan eztabaidatu eta bozkatzeko— igorri aurretik.