Haurren lehen Legea onartu du Kongresuak

0

Haurren lehen Legea onartu dute ostegun honetan Kongresuan. Lege berri honek haur eta nerabeen eskubideak edozein indarkeria motaren aurrean defendatzen ditu, eta biktimen sentsibilizazio, detekzio, babes eta erreparaziorako neurriak jasotzen ditu.

Elena Ayarzak, Arartekoaren Haur eta Nerabeen Bulegoko arduradunak, modu positiboan baloratu du Legea, eta azpimarratu du duela hamarkada bat baino gehiago legea garatzeko lanean ari diren erakunde eta elkarte guztiek «eskatu eta asko espero duten legea» dela. Euskal Autonomia Erkidegoan, 2015ean, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legea onartu zen, gurasoek eragindako indarkeriatik adingabeak babesten dituena; baina, ildo horretan, Arartekoaren arduradunak zehaztu du ez zegoela indarkeria-mota guztietatik babesteko arau-esparrurik: «Indarkeriak forma asko har ditzakeenez eta hainbat testuingurutan gerta daitekeenez, Lege berriak egoera horietan guztietan haurtzaroari lege-estaldura eman nahi dio».

Testuaren osaketan hainbat erakunde eta organizaziok parte hartu du, horien artean UNICEF. Erakunde horrek, Haurren Lege berriak dakartzan 6 aldaketa nabarmendu ditu:

  • Kasu guztietan haurraren interesa gorentzat joko da. Gainera, entzuna izateko haurraren eskubidea babestuko da.
  • Genero-indarkeriaren biktimen seme-alabak biktimatzat hartuko dira aurrerantzean. Haurrak indarkeriaren aurrean babestuko dira.
  • Adoptatuz gero, jatorrizko familiarekin harremanetan jartzeko neurriak ezartzen ditu.
  • Arrisku- eta desanparo-egoerak hobeto arautu eta definitzen ditu. Haurrak jatorrizko familiatik kanpo etxe bat behar duenean, Egoitza-harreraren ordez Familia-harrera nagusituko da.
  • Jokabide-arazoak dituzten adingabeak babesteko zentroen funtzionamendua arautzen du.
  • Indarrean dagoen legeriaren berrikuntza gisa, aldez aurreko azterlanak egin beharko dira, legean egindako aldaketek haurrengan izan dezaketen eragina aztertzeko.

Aurki, Kongresuan onartuta dagoen testua Senatura pasatuko da, eta ekainean indarrean sartzea espero da, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean. Arartekoaren bulegotik, Elena Ayarzak adierazi du lege berri honek egoera hobean jartzen dituela euskal erakundeak, legegintzaldi honetan egiteke dagoen Euskadiko haurren legearen aldaketak berrikuntzak eta elementuak sar ditzan eta lurraldearen ezaugarrietara finkatuz gara ditzan.